blogak

Bai Euskarari bloga

"Etorkizuneko garapen ekonomikoak zuzeneko lotura izan behar du ingurumena errespetatzearekin"

Ingeteam Groupeko salmenta arduraduna da Iratxe Olabarri. Energia elektrikoaren eraldaketan jarduten dute eta Garapen Iraunkorreko Helburuak txertatu dituzte taldearen Plan Estrategikoan. Enpresarean jardueraz eta erantzunkizun sozialaz jardun dugu berarekin.

Zer egiten duzue Ingeteamen?

Ingeteam energia elektrikoaren eraldaketan espezializatutako nazioarteko Talde Teknologikoa da. Taldearen garapen teknologikoa hurrengo produktuetan gauzatzen da: potentzia eta kontrol elektronika (inbertsoreak, frekuentzia bihurgailuak, kontrolagailuak eta babesgailuak) eta makina elektriko eta hidrauliko errotatiboak Indar markapean eginak (sorgailuak, motorrak, ponpak). Ingeniaritza eta automatizazio proiektuek, bai eta lan eta mantentze zerbitzuek ere osatzen dute gure eskaintza.

Produktu eta zerbitzu eskaintza honako alor hauetara zuzentzen ditugu: energia eolikoa, fotovoltaikoa, hidraulikoa eta fosila; metal eta mineralen eraldaketa; eta ontzigintza, tren-industria eta energia elektrikoaren sarearen industria (azpiestazioak barne). Beti ere, eragingarriagoa izango den energiaren sortze, garraio, banaketa eta kontsumoa bilatzea dugu helburu.

Enpresa mundu osoan dago zabaldurik, 4.100 langile ditu, eta gure jarduna Ikerketa eta Garapenean (I+G) dago egituraturik. Urteko fakturazioaren % 5 I+Gean inbertitzen da.

Trantsizio energetiko globaleko eredua bultzatzea da bere misioa. Nola bideratu duzue Agenda 2030 eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) ezarpena jarduten duzuen sektoreetan?

Ingeteam taldearen Administrazio Kontseiluak, erantzukizun sozial korporatiboko politikaren esparruan, NBEren Agenda 2030ko Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuetatik 8 aukeratu ditu. Hain zuzen ere, indarrean daukagun 2019-2021 Plan Estrategikoaren Misioan eta Ikuspegian ezarritako estrategiarekin hobekien lerrokatutako GIHak dira, eta helburu horiek lortzeko zeresan handia dauka taldearen jarduera teknologikoaren eta industrialaren izaerak.

Bereziki Agenda 2030 eta GIHak ezartzean, zein da zuen sektorearen egitekoa? 

Agenda 2030 ezartzeko gure ekarpenaren indargunerik handiena eredu energetiko global jasangarria bultzatzea da. Hala, energia berriztagarrietara edo energia garbia kontsumitzera zuzendutako produktuak garatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu; hartara, energia deskarbonizatzen laguntzeko beharrezko teknologia daukagu, irtenbidearen parte bihurtuz. Horrez gain, gure makina elektriko eta frekuentzien bihurgailuak aplikatzean efizientzia energetikoan hobekuntzak lortzen dira, hainbat sektoretan, adibidez trenbideen,

industriaren edo itsas trakzioan; mugikortasun jasangarriari buruz ari gara tren eta itsasontzietan, eta horrek murriztu eta, are, desagerrarazi ere egiten du garraiobide horiek eragindako kutsadura, baita meatzaritza bezalako sektoreena ere.

Erantzukizun sozialari garrantzia ematen diozue; zein arlotan egiten duzue lan?

Gure Plan Estrategikoan taldeak bere helburu estrategikoak Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lerrokatu ditu, eta, horrenbestez, jasangarritasun hirukoitzaren helburua ezarri zuen (soziala, ekonomikoa eta ingurumenari dagokiona): soziala, interes talde guztientzat eta, bereziki, gure pertsonentzat balioa sortzea eskatzen diguna, garapenerako aukerak eskainiz lan ingurune seguru eta osasungarrietan; ekonomikoa, etorkizuneko hazkundea bermatzeko errentagarritasun mailak eskatzen dizkiguna; eta ingurumenari dagokiona, ingurumena errespetatzen lagunduko duten produktuak, sistemak eta zerbitzuak garatzea eskatuko duena.

Zein da Ingeteamek lortzen duen balio erantsia erantzukizun sozialean inbertitzeagatik?

Hiru alderdien jasangarritasuna da gure proiektuari balio erantsi guztia ematen diona. Pertsonek osatzen dute gure enpresaren bihotza, eta, egunez egun, mundu jasangarri baten alde lan egin beharraz gero eta konbentzituago gaude. Gure enpresak bertan lan egiten dugunoi ahalegin horren parte izaten uzten digu, eta proiektura engantxatzen gaitu. Gure langileen esfortzuaren emaitza gisa, beste bi helburuei lotutako gainerako abantailak datoz. Gure produktu eta zerbitzuak aplikatzeak ekarpen zuzena dauka ingurumenaren jasangarritasunean; hain zuzen ere, duela urte batzuetatik hona premiazko beharrizana da munduan, eta lehentasun absolutu modura nabarmentzen ari da munduak kolapsatzeko arriskurik gabe garatzen jarraitzea nahi badugu. Ingeteam taldearentzat argi dago munduaren etorkizuneko garapen ekonomikoak zuzeneko lotura izan behar duela ingurumena erabat errespetatzearekin.

Enpresek zergatik landu beharko lukete erantzukizun soziala haien estrategian?

Ingeteam taldearentzat bere estrategia erantzukizun sozialarekin lerrokatzea bistakoa den moduan, beste edozein enpresarentzat ere argi egon beharko litzatekeela uste dugu. Jasangarritasun hirukoitza beharrezkoa da edozein negozio garatzeko. Hiru euskarrietako bat faltaz gero, proiektuak egonkorra izateari uzten dio eta kolapsatzeko arriskua hartzen du.

Bestalde, azken boladan enpresetan eta haien jardunei lotutako legedian, pixkanaka, zenbait betebehar nabarmentzen ari dira, gobernantzari, ingurumenari eta gizarteari dagozkienak; izan ere, ezinbestekoak dira ekitaldi bakoitzean aldeko ikuskaritza txostenak lortu ahal izateko. 

4.000 lankide baino gehiago zarete. Nola lortzen da pertsonak erdigunean jartzea horrenbeste langile dituen plantila batean?

Orain arte deskribatu dudanak, nire ustez, argi azaltzen du pertsonak proiektuaren erdigune izatea zein garrantzitsua den. Gu orain 4.000 pertsona inguru gara, baina askoz gutxiago ginenean beti gure garapena enpresan lan egiten zuten pertsonen garapenean oinarritzen genuen. Gaur egun bizi dugun egoera pertsona ugarik urte luzez egindako esfortzuaren eta dedikazioaren emaitza da. Erronka filosofia horri eustea da, hazten jarraitzen dugun bitartean. Hori da gure ahalegina datozen urteetarako.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07