blogak

Bai Euskarari bloga

Enpresentzat eredu izan nahi duten dokumentuak sortu dituzte Euskaragileek

Euskaragileak proiektua 2015ean jaio zenetik lanean aritu dira batzordea osatzen duten enpresak. Euskaragileek, eredu izateaz gain, eragile aktibo ere izan nahi dute eta eragite horretarako zenbait tresna sortzen jardun dute. Horren adibide dira beste enpresa batzuentzat eredu izan nahi duten dokumentu hauek: Hornitzaileei bidaltzeko gutun-eredua; langile berrien harrera-plan eredua; eta hezkuntza zentroen eta enpresen arteko hitzarmen-eredua.

Langile berrien harrera-plana

Enpresa guztietan langile berriak kontratatu eta berauek euren jardunean kokatzeko prozesuak garrantzia berezia du. Langile horiek enpresan egoki integratzeko eta ahalik eta arinen euren zereginak behar bezala bete ahal izateko prozesua izaten da hori.

Prozesu horretan garrantzia berezia du enpresaren baitan euskararen normalizazioari eta, oro har, hizkuntzen kudeaketari ematen zaion garrantzia eta tratamendua transmititzeak. Horretarako, langile horiei begira garatu ohi den harrera-planean hizkuntzaren aldagaia lantzeko eredu bat proposatzea erabaki zen Euskaragileak proiektuan.:

Ikastetxeekin hitzarmen-eredua

Euskaragileen batzordean enpresek ikastetxeekin duten harremanari garrantzia berezia eman zaio. Batetik, bi erakundeen arteko hizkuntza-harremanen ikuspegitik, baina batez ere, lan-mundura jauzia ematera doazen ikasle edota langile berriengan eragitearen ikuspegitik. Hori lantzeko, enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza hitzarmenak adostea proposatzen da.

Osatu den hitzarmen-ereduan bi entitate horien arteko lankidetzarako eredu posible bat mahai gaineratu nahi da.

Hemen deskarga dezakezue Euskaragileak batzordean landu den hezkuntza zentroen eta enpresen arteko hitzarmen-eredua

Hitzarmen-eredua (.doc)

Hornitzaileentzako gutun-eredua

Enpresen jarduera euskaraz garatzeko eta lan-munduaren euskalduntzean laguntzeko garrantzitsua da enpresek euren hornitzaile nagusiei zerbitzua euskaraz eskaintzeko eskaera luzatzea. Hornitzaileei bidaltzeko gutun-eredua sortu da:

Hornitzaileentzako gutun-eredua (.doc)

Euskaragileak proiektua

Lan-mundua euskalduntzeko adierazpenean (2013) jaso zen bezala, euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta beren ereduak ezagutzera ematea lagungarria da enpresei begirako lanketa egiteko. Asmo horrekin jaio zen 2015ean Euskaragileak proiektua; enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresen batzordea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07