blogak

Bai Euskarari bloga

Enpresa Kultura Berriaren Fabrika eraikitzen ari dira

Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartea Donostiako Miramon Enpresa Parkean eraikitzen ari da Enpresa Kultura Berriaren Fabrika. Eraikineko lehen harria ipintzeko ekitaldian, urtarrilaren 24an, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, eta Eduardo Junkera Adegiko presidenteak parte hartu zuten.

Enpresa Kultura Berriaren Fabrikak enpresen kultura eraldaketarako goi errendimenduko zentro bat izango du, eta etorkizuneko enpresaren eta ekonomiaren kultura ikuskera berri bat sustatuko du, proiektuaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, pertsonak ardatz dituen eta talde-lanean eta parte hartzean oinarrituta dagoen enpresa kultura berri bat.

Hain zuzen ere, parte hartzean oinarritutako enpresa eredu inklusiboaren arabera lan egingo du, eta Eusko Legebiltzarreko talde guztien babesa izan du. «Enpresa Kultura Berriaren Fabrikak enpresa pertsonengandik, oinarritik, prestakuntzatik eta talentutik abiatuta eraldatzeko ilusioa transmititzen du», Urkulluk aurkezpen ekitaldian azpimarratu zuenez.

Enpresa gazteentzako eta talenturako jomuga gisa erakargarri egingo duen eredu bat sustatuko du Fabrikak. «Horrek esan nahi du pertsonak partaide direla, onartuta daudela eta behar bezala ordaintzen dietela sentitu behar dutela, eta familia bizitza ordutegi malguekin, egonkortasun konpromisoarekin eta lanbide karrera erakargarri batekin bateragarri egin ahal izango dutela», Urkulluren hitzetan.

Nazioarteko izaera

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak enpleguari buruz argitaratutako datuak aipatuz, lehendakariak azpimarratu zuen langabezia tasa % 10etik behera kokatu dela, lehen aldiz 2011. urteaz geroztik. «Joera positiboa da, norabide egokian lortutako emaitza». Dena den, hori ez dela nahikoa esan zuen, eta inbertitzen, berritzen eta euskal enpresak nazioartekotzen jarraitu behar dela, jarduera sektore berriak eta kalitate handiagoko enpleguaren sorkuntza bultzatzeko.

«Enpresa kultura eraldatzea eskatzen duen garai aldaketa honen aurrean», Adegi elkarteak pertsonen gardentasunean, konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako enpresa kultura berri bat abian jartzeko gomendio praktikoen multzo batez osatutako gida bat egin du.

Bide horretan, Enpresa Kultura Berriaren Fabrikak aukera emango du Adegi elkartea enpresen kultura eraldaketako prozesuetan egiten ari den laguntza lana hautemateko eta haren balioa azpimarratzeko.

Proiektuak nazioarteko izaera duenez gero, Enpresa Kultura Berriaren Fabrikak nazioarteko aholku batzorde bat izango du. «Batzorde horretan, nazioarteko enpresen zuzendari nagusiek beren ideien, egitasmoen eta esperientzien ekarpena egin ahal izango dute, eta enpresen kultura eraldatzeko erronka handi honetan lagundu ahal izango digute». Adegi elkarteko arduradunen hitzetan.

Albistearen iturria: Berria.eus

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07