blogak

Bai Euskarari bloga

"Araban euskarak gero eta presentzia handiagoa dauka lanean, merkataritzan eta baita kontsumoan ere"

Lazarraga Sariak banatu ziren joan den astean Gasteizen. Arabako bost entitate eta pertsona saritu ziren euren lan ingurunean euskara txertatzeko aurrera eramandako ekimenengatik. Sariketaren harira elkarrizketa egin zioten Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendariari Noticias de Álava egunkarian. Hemen duzue elkarrizketa irakurgai:

ROBER GUTIÉRREZ – Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria

Lazarraga Sarien bidez,  Arabako bost entitate eta pertsona saritzen dira euren lan ingurunean  euskara txertatzeko aurrera eramandako ekimenengatik.

Begoña Martin – Noticias de Álava

Araba eta Gasteizko esparru sozioekonomikoan euskara txertatzen eta hedatzen egindako lana saritzeko ekitaldia gaur izango da Artium museoan. Arabako Foru Aldundia eta Bai Euskarari Elkartea elkarlanean antolatzen da sariketa.

Zer dira Lazarraga sariak eta zein arlotan banatzen dira? Noiztik? Zer bultzatu nahi dute, edo zein da helburu nagusia?

Lazarraga Sarien helburu nagusia da Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen erabileran eta sustapenean lan nabarmena egiten ari diren enpresak, entitateak edota pertsonak saritzea, haien ahalegina errekonozitzea eta haien eredua zabaltzea beste enpresa eta entitate batzuentzat baliagarria izango delakoan.

2010ean izan zen sarien lehenengo edizioa eta, ordutik, Arabako Foru Aldundia eta Bai Euskarari Elkartea elkarlanean antolatzen ari gara sariketa. Gainera, Lazarraga sarietako 2014ko edizioaren ostean sortu zen “Lanabes – Araban Euskara Lanean” proiektua, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko asmoz. Hasieratik, talde eragile anitza eratu zen prozesua lideratzeko eta lurraldearen alor sozioekonomikoan eragiteko, euskara txertatzeko eta bere presentzia handitzeko helburu partekatuarekin.

2016tik, Lazarraga Sariak Lanabesen barruan kokatu ditugu eta egindako ibilbidearekin pozik gaude. Sarien V. ediziora iritsi gara eta azaroaren 15ean Arabako lan-eremua euskalduntzeko lan egiten duten entitate, enpresa edo norbanakoak merezi duten bezala aitortuko ditugu, Gasteizko Artium Museoan.

Aurten Arabako bost entitate, enpresa edo pertsona izango dira sariak jasoko dituztenak. Zeintzuk dira kontuan hartutako enpresetako ezaugarriak edo lanak sariak emateko?

Edizio guztietan 5 sari eman izan dira eta, aurten ere, bost saridunen izenak ekitaldian bertan jakinaraziko ditugu. Irabazleak hautatzeko prozesuak hainbat pauso ditu; urrian hautagaitzak proposatzeko deialdia zabaldu zen eta epaimahaiak, LANABES talde eragileko ordezkariek osaturik, proposamen guztiak aztertu zituen. Aukeraketa erraza izan ez bada ere, saridunak izendatzeko orduan, zerbitzua euskaraz emateko eta lan egiteko garaian ezarri diren neurriei erreparatu diegu. Besteak beste, baloratu ditugu: euskaraz lan egiteko baliabideak, kontratazioak, barne agiriak, bezeroekiko komunikazioa euskara baliatzea, hizkuntza paisaia, formazioa, etab.

Zeintzuk dira Arabako arlo sozioekonomikoaren ezaugarriak euskararekin lotuta?

Arabako arlo sozioekonomikoan aurrerapausoak ematen ari gara. Euskarak geroz eta presentzia handiagoa dauka lanean, merkataritzan eta baita kontsumoan ere. Bidean urrats handiak eman ditugu eta, baikortasunez begiratzen diogu etorkizunari, urratsak ematen segitzeko. Hezkuntzan egiten ari den inbertsioari etekina atera behar diogu eta horretarako, zubiak eraiki behar dira hezkuntzaren eta lan munduaren artean. LANABES proiektua abiatu genuenean argi izan genuen, Arabako arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko giltzarria, hori izango zela, zubiak eraikitzea, elkarlana sustazea, indarrak batzea, ereduak bilatzea eta balioa partekatzea, denok norabide berean.

Enpresek gero eta gehiago erabiltzen dute hizkuntza? Arabako enpresak ohartzen dira euskararen balioaz haien jardunetan?

Enpresaren batzuk, nagusiki merkataritzakoak eta zerbitzuen alorrekoak, bezeroen ohitura eta eskakizunetara egokitzen ari dira. Jabetzen ari dira euskara baliatu beharreko aldagaia dela, markaren posizionamendua hobetzeko, bezeroarekiko gertutasuna eta konfiantza sortzeko eta sendotzeko, bezero kopurua handitzeko eta fidelizazioa indartzeko, merkatu berrietan sartzeko eta etekinak areagotzeko.

Lehiakorra izan nahi duen enpresak hizkuntza aniztasunari ere erantzun behar dio, hori delako gaurko errealitatea. Bezeroak aipatu ditugu, baina langileei ere aukera eman behar zaie euskaraz lan egiteko, euren lan-prozedura eta zirkuituetan euskaraz aritzeko. Frogatuta dago horrek langileen asebetzean eta ongizatean eragiten duela, eta, zuzenean edo zeharka, produktibitatean ere bai.

Balioa argia da eta euskara txertatu duten enpresa horiek ohartu dira, harro daude eta eredu dira. Izen-zerrenda luzea da eta hor daude aurreko edizioetan Lazarraga sarietan nabarmendu direnak, euskara plana dutenak edo Bai Euskarari ziurtagiria dutenak:  Egamaster, Electra Vitoria, Oreka IT, Mendia optika, Cuadrabus, Besa upategia, Agirre Lekue botika…

Zeintzuk dira oztopo nagusiak enpresek euskara erabil dezaten? Ohiturak eta inertziak aldatzeko gai dira hizkuntza barruan sartzeko (adibidez, bezeroen harremanak, langileen arteko komunikazioa, …)?

Edozein aldaketa edo berrikuntza beti izan ohi da erronka handia enpresen barruan eta hizkuntzen kudeaketa berrikuntza horien arteko bat baino ez da: ohiturak, lan-prozedurak, erabiltzen diren materialak, komunikazio kanalak… Berrikuntzaz ari gara eta lehiakorrak izango bagara, Araban berrikuntzaren bidea hartu behar dugu, hizkuntza baliatu beharreko aldagai bezala ulerturik.

LANABESetik edo-eta Bai Euskarari Elkartetik, besteak beste, laguntza eta askotariko baliabideak eskaintzen ditugu prozesua errazteko. Aurretik esan bezala, euskararen hautua egin dutenek argi ikusi dute euskaraz lan egitea posible dela eta enpresarentzat eraginkorra dela. Noski, bakoitza bere neurrian eta, hori dela eta, euskalduntze prozesuan, egoera bakoitzari egokituriko erronkak eta pausoak zehazten laguntzen dugu.

Zein arlotan banatu dituzte orain arte emandako sariak? Zeintzuk dira gehien euskara erabiltzen duten Arabako arloak? 

Lazarraga Sariak erakundeei, enpresei eta norbanakoei zuzendurik daude; edizio bakoitzean askotariko proposamenak jaso ditugu, sektore oso ezberdinetakoak (merkataritza, industria, zerbitzuak, hezkuntza…) eta, aniztasun hori pozgarria da, euskara arlo sozioekonomikoaren bazter guztietara iristen dela ikustea, alegia. Ideia bat egin dezazuen, honakoak izan dira edizio bakoitzeko saridunak: 2016: Adigrafik, Txema Pascual, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta  Ciudad Jardín. 2014: Besa upategia, Electra Vitoria, Oreka IT, Agirre Lekue botika eta Aner Garmendia. 2012: Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucía. 2010: Kepa Mendia, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, JEZ Sistemas Ferroviarios, Skunk Funk eta Launa Upategia

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07