blogak

Badok bloga

Gorraizea

Xabier Montoia punk artista bat izan da, arimaren bila urteak, hamarkadak, eman dituena.

Agian horregatik hurbiltzen zen, gurean ia inor ez bezala, soul deritzogun expresiobideetara. Hasieran, modu karrankarian hurbildu ere, oldarkor eta lakar… Edo gogorrarenak eginez, zeinak baduen ere, nago, gorrarena egitetik, ezta?

Gorraizea, baina, hiztegiaren arabera halako gorreri leun bat besterik ez ei da, belarrietan tapoiak jartzea bezalako zerbait. Traba baino, babesa… Edo, gutxienez, bestelako balantzea, kanpoko eta barruko harrabotsen artean. Xabier Montoiaren hamar kantu berrietan, osagai nagusiak, funtsean, hastapenetako arrakala hartatik abiatzen badira ere: amorrua versus apurkortasuna.

Nola ez gaitu amorratuko, bada, hain apurkor sentitzeak?

Zergatik apurtzen gara amorratzen garen horrenbestetan?

Berriak ez diren kontuak Xabierren sorkuntzan –literatura barne–, baina Gorraize honetan, jaun-andreok, oso bestela daude antolaturik katebegi expresiboak. Ondorioz, den dena aldatu da Montoiaren disko berrian. Sorkuntzan, matematiketan ez bezala, faktoreen ordenak baduelako emaitza aldatzen.

Horixe baietz.

Nago, Xabier heldu dela kantagintza eremu propio batera, non laket bizi den.

Ekosistema moduko bat, azkenean. Non galderak eta erantzunak garbi, ulergarri, entzungo dituzuen. Barrenean erraz zabalduko zaizkizuen oihartzun anplifikatuak bezala.

Ibon Rodriguez piano eta gitarra jotzailea arduratu da kantuen konponketez, eta maisutasun minimalistaz berdindu du doinuen eta isiluneen arteko talka, kantu bakoitzaren arnasketa.

Neuk guztiak ditut gogoko, hamarrak, pozik esan diezazueket.

Gai nagusia zein ote? Abiapuntuz, giza-gauzetan haren egiazkotasunaz seguru garen kontu potolo bakarra: denboraren iragaitea.

Are, kartzelan bezala, izozturik dirudienean. Are, lo-ezinagatik, orainaldi eternalera kondenaturik dirudigunean. Ez espero, baina, oroimen ariketa hutsalik. Gorraize honetako kanturik ilunenen gainetik ere, nago, altxatzen baita, beti –eta barkatuko dit kantariak, eta barkatuko didate, bereziki, kantuetan ageri diren garaiotako beste zenbait intsumiso niretzat beldurgarrik– halako… ospakizun aire bat.

Errana dago.

Galdutakoak, gugan izandakoaren plazera berpiztu ez ezik, gure ahalegin eta indar harroen berri, orain eta beti, zabalduko balu bezala. Helburua noizbait lortuko ote dugun, oso bigarren tokian geratuta.

Mozkorraldiak eta zafraldiak.

Bizitza, bizitza egiten duten hastapenak eta amaierak.

Lan bereziki ederra dugu Xabier Montoiaren Gorraizea, osagai bakoitza, gainerako osagaiei esker, esanahiez osotzen delako.

Horra, sorkuntzan zer den lurralde propio batez jabetzea.

Oraingoan bai, artistak inoiz baino modu garbiagoan lortu duena –are saudade propio batez– hamar kantu berri hauen bitartez.

Aspaldi da Xabierren musikagintzan kanpoko erreferentziak ez direla batere begi-bistakoak izaten. Gorraize eder honen ildotik, ordea, arriskatuko naiz bakar bat aipatzera. Etxekoaren eta kanpokoaren artean antzekotasunak aurkitzen ditudalakoan.

Duela bost bat urte –hogeita zazpiko isilunea apurtuz– Dexys taldeak argitaratu zuen Egun Batean Altxatuko Naiz izeneko diskoaz ari naiz. Gorraizea bezala, gehienbat akustikoa.

Ilunpe guztien gainetik, bizimina kantagai.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07