Marrazkietan itsasoa, txalupak eta pertsonak ikusi genituen.
Koloretako txalupak ziren, baina batzuk galdua zuten kolorea.
Argitan zeudenak kolore ugari zituzten eta ondoratuak zeudenak itsasoaren kolorea zuten, urdina.
Francesco Piobbichi-ren irudiak izan ziren eskultura kolektiboaren abiapuntua, Lampedusa irlan gertatzen denaren isla. Bertaratutako haur, gazte eta helduok ikusten genuenari buruz hitz egin genuen. Familia ugarik gerratik eta heriotzatik ihes egin eta beste lurraldetara joateko itsasoko bidea hartzen dute. Hainbat haur eta helduen bidea bertan bukatzen da, iheserako arrazoiak irentsita. “Haur txikiak ere hiltzen dira?” galdetu zuen 4 urteko haur batek. Erantzunak ez dira errazak, edo bai…? Sentsazioa daukat kanpotik egoerak desitxuratzen direla irtenbide gehienak isilarazteraino. Galdera berezi hori entzun eta gero lanari ekin genion.
Egoeren eraldaketa nahi badugu funtsezkoa da bizitzen den horretan presente egotea, sentipen horiek barneratzea… Eskultura kolektiboaren bitartez hainbat egoera ezagutu ditugu, adin desberdinetako pertsonen artean sormen lanketa burutu dugu, josi ditugu harremanak eta emaitza kalean utzi dugu; eta, herrian egongo da herrikideek ere, nahi izanez gero, egoera horietara gerturatu daitezen.
Ez daukagu erantzun zehatzik baina, bai elkarrekin gauzak egiteko gogoa. Sortzen jarraituko al dugu?
Eskultura koletiboaren ekintza Herrien Astearen baitan (Mikelazulo elkarteak sortua) kokatzen da eta Harresirik gabeko lurraldea eta OarsoIrriak kolektiboek antolatua.
Ekintzaren inguruko informazio gehiago Errenteria-Oreretako HITZAN: Sormenaz, harremanak eraiki
Axala Blogean agertzen diren testuak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude eskuragarri.
azalaren.memoria@gmail.com
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile