blogak

Axala, zentzumenak zorrozten

Azala

Azalaren memoria Arg: NBM

Azalaren memoria Arg: Axala

10 urte inguru nituela helduagoa zen mutil batek modu jarraituan gehiegikeriak eragiten zizkidan. Portaleko atetik gertu bere lagunekin ikusten nuenean dardarka hasten nintzen. Beheko atea azkar ireki eta –Gaur ez mesedez- pentsatzen nuen. Baina debalde, bere lagunei -voy a por ella- esan eta atzetik etortzen zen. Eskaileretatik gora korrika joaten nintzen baina segituan harrapatzen ninduen. Atzetik hartu eta oso gogor estutzen ninduen -Como grites…- esaten zidan beti. Ez zuen beste ezer gehiago esan beharrik. Orduan gorputz guztia ukitzen zidan paretaren kontra jarrita, edo –Te están creciendo las tetitas-, edo buruz behera jartzen ninduen hanketatik helduta, eta abar.  Lagunen eta sortzen zuen beldurraren babesean  bere boterea eragiten zuen inpunitate osoz. Orain tortura baten moduan  ikusten ditut ekintza guztiak.

    10 urteko haur batek sexualitatearekin dituen harremanak bere sexuaren esplorazioarekin dituenak izan ohi dira edo-eta bide horretan inguruko lagunekin konpartitu ahal dituen ekintzenak. Adin horretan zikina sentitzen nintzen, lotsatuta, nire errua zela pentsatzen nuen, gauetan isilean negarrez lokartzen nintzen. Fisikoki eta psikologikoki oso zapaldua nengoen. Egoera aldatzeko asmoz ihes egiteko modua eraiki nuen –Bera baino bizkorragoa izan behar zara eta horrela ez zaitu harrapatuko-. Eta hala egin nuen. Trebatu nahian-edo, korrika egiten nuen eta toki guztietako eskailerak binaka igotzen hasi nintzen. Lortu nuen portaleko eskailerak ziztu bizian igotzea, nire borreroa nekatu zen eta ekintzari ihes egin nion.

 

    Isilagoa bihurtu nintzela sentitzen dut, begirada tristatu zitzaidan, amets gaiztoak areagotu ziren; lokartzerakoa beti gauza bera, norbaitengandik ihesi eta ezin hankak mugitu. Gauza txar hori nire sekretua zen, ezin nuen kontatu; hasieran beldurragatik, gero lotsagatik, ondoren “ba denbora asko pasa da” pentsatzen nuelako… Zama horrekin eraiki behar izan dut sexualitatea eta nire buruarekiko dudan maitasuna; guzti hau pisu handia izan da. Barne eta kanpo borrokak, zein mina iraultzeko gogoak eraman naute ona.

Oinak Arg: NBM

Oinak Arg: Axala

    Bakoitzak du bere minak gainditzeko modua, bere bidea, ulertu hala ez errespetatu behar dena. Eta ulertu dut 10 urteko neskatila hura dela gaur hemen idazten ari dena, biharko emakumea ere badela gaur hemen dagoena, gaur ez naizela atzo baino ausartagoa eta momentuan barruari begiratzeko eman diodan aukeran egon dela beti gakoa nirean, bizipenak metatu ahala irtenbideak eraldatzen joan direla eta arro nagoela korri egiteko erabakia hartu izanaz.

    Hau min baten historioa da, inguruaren islada dena. Modu batera edo bestera pertsona ugarik bizi izan dute antzeko pasarteren bat, forma ez da bera izango baina boterearen gorputza bera da.

Axala Blogean agertzen diren testuak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude eskuragarri.
azalaren.memoria@gmail.com
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07