blogak

Arinduz

Zoritxarraren aurrean bizimina

borealMinbiziaren aurkako egunak ospatzen ari gara aste bizi honetan, AECCk bikain aukeratutako arlo psikoemozionaletik begiratuta. Dolua barne, geu guztion aulki hutsak ahaztu barik. Minbiziaren aurrean, bizimina…

“Abentura eten da, gogoa ez”: Arreta harrapatu dit gaurko egunkariaren artikulu batek, izenburu horrekin. Kanadako iparraldean ibili da Euskal Herriko iparraldetar bikote abenturazale bat, azken 4 hilabete hauetan. Aurkako klima-baldintzak direla-eta, “Boreal espedizioa” eten egin behar dute Paxkal Elgart eta Xiril Alvarezek, hurrengo egitasmorako gogoa pizturik. Erresilientzia. Burura etorri zait “Biziminez” dokumentala, Pablo Dendaluzek egindakoa eta duela pare bat urte hemen Modelo zineman ikus-entzundakoa. Josu Iztueta abenturazalea bertan aretoan egon zen, protagonistetako bat. Antxon Arza da dokumentalaren bigarren protagonista, gurpildun aulkian dabilen abenturazalea, hamaika lekutan ibilitakoa zoritxarreko istripua eduki baino lehen. Galera funtzionalaz, seme batengatiko doluaz, umoreaz, tristuraz, biziminaz… Eta biziminetik iritsi naiz berriro Hector Prieto atxabaltarrarengana, zoritxarreko gaixotasun degeneratiboaren aurrean horixe erakutsi zuena, bizimina eta erresilientzia itzela, duela urte bat eta erdi hil zen arte.

Gabon hauetan, bestela, pertsona aparta bat ezagutzeko zoriona eduki dut. Abenturazalea, bertsozalea, bizizalea, surfzalea, mendizalea. Erresilientzia gizaki batean gorpuztuta, zoritxarraren aurrean eta, orain, minbiziaren aurrean. Aste hauek intentsitate handikoak izaten ari dira, bere etxeko ateak eskuzabaltasunez zabaldu zizkidanetik. Berak eta bere ingurukoek, sare aparta hori ere. Aste honetako post hau berari dedikatu nahi diot. Bihotzez.

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07