blogak

Arinduz

Zoriona gramoka

 

 

IMG-20200507-WA0014Aurrekoan bizipozaren aldeko aldarrikapena egin nuen, jakinda bizitza “mendi errusiar” bat dela, “roller coaster” bat,  alegia. Horrelakoak komentatzen ditugu sarritan bizitzaren amaieran daudenekin, eta alboan dituztenekin. Horrela da pandemia garai honetan ere, Jorge Nagorek ederki idatzi zuen moduan lehengo egunean: “Montaña rusa”.

Jorgek esaten zuen bezala, ziurgabetasunak estutzen gaitu, udarako planifikatuta geneuzkan oporrei akaso “beste bat arte” esatea. Aste Nagusiari “aurten (oso) desberdina izango da”. Udazkena zelan etorriko da? Datorren neguan bueltan eduki dezakegu zomorro kabroi hau?

Nerea Loiolak atzoko egunkarian idatzitako artikuluan horrela aitortzen zuen: “Uztailean, Frantzia iparraldea ezagutzekoak ginen, eta orain, konformatuko nintzateke udaran Zarauzko hondartzan mugarik gabe bainatzeko askatasunarekin”. Eta zorionekoak geu, Nerea, Zarautzen (Euskal Herrian, Lehen Munduan…) bizi garelako.

Izan ere, zoriona kiloka baino, gramoka dastatzea nahikoa eta soberako ariketa bihurtu da. Tira, pandemia barik ere horretan genbiltzan batzuk aspalditik. Hegazkinez baino autokarabanaz. 8.000koak han urrun, eta hemengo 1.000koetan poz-pozik disfrutatuz tontor-tontor. Norbaitek esan zuen legez, zeure herrian edo hirian turistaren begietatik ibiltzea, etxe ondoan daukagunaz konturatzea, urrutiko intxaurrak behar izan barik.

Etxealdiari txinpartak aterata, minimalismoaren aldeko dokumental liluragarria dastatu ahal izan dut. Behean trailerra duzue. Kontu txikiak disfrutatzearen aldarrikapena. Gutxiagorekin gehiago bizitzea planteatzen duena. Gauza garrantzitsuei buruzko dokumental gomendagarria, azken finean. 

Izan ere, zenbat gauza behar dugu zoriontsu izateko?

“Zoriona gramoka saltzeari ekin zioten trono aingeru eta kerubinek”

Bernardo Atxaga / Ruper Ordorika.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07