blogak

Arinduz

Summer of Soul

Summerofsoul1969ko udan, NYCko Harlem auzoan, musika jaialdi handia antolatu zuten. Musika beltzen inoizko festibalik handiena, denboran (eta ia espazioan ere) lehiatu behar izan zuena Woodstock erraldoiarekin, New York estatuan antolatutakoa hura ere. Historiako orrialdeetan oihartzun dexente apalagoa izan zuen arren, egun haietako emanaldiak grabatuta eta nonbait gordeta gelditu ziren. Norbaitek biltegi hartatik erreskatatu eta dokumental bikaina egin zuen arte, lehengo egunean zineman ikus-entzun ahal izan genuena. Oso deskubrimendu pozgarria izan da, “Searching for Sugar Man” dokumental gogoangarriaren parekoa edo ia.

Komunitate baten duintasuna sendotzea kulturaren bidez, zehazki musikari esker. Horrela laburbildu dezakegu uda hartan gertatutakoa. Kontuan hartu behar ditugu hamarkada hartako lau mugarriak: John Fitzgerald Kennedy-ren hilketa 1963an, Malcolm X-rena 1965ean eta Robert F. Kennedy eta Martin Luther King-enak 1968an. Afroamerikarren eskubide zibilen alde lan egindako pertsona gako hauen heriotza biolentoek Harlemeko kaleetan erantzun biolentoak eragin zituzten urte haietan. Eta indarkeria haren antidoto edo prebentzio moduan muntatu zuten hain zuzen ere musika jaialdia aste haietan.

Bizipoza da dokumentalak transmititzen duena, iluntasunaren gainetik argia eta indarra. Soul, R&B, gospel eta musika beltz eta latinoen erritmoen bidez bakea, zentzu batean. Nina Simone, B.B. King, Stevie Wonder, Gladys Knight eta beste artista beltz batzuen zerrenda luzea topatuko duzue harribitxi honetan, zinema aretoetan edo etxean bertan ikus-entzuteko aukera duzuena.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07