blogak

Arinduz

SB Andoain

andoainLurrikara bana eragin zuten bi erailketa izan ziren 2000an gertatutakoa, Jose Luis López de la calle “El Mundo”-ko kazetariaren bizitza eraman zuena (61 urte) eta 2003an Joseba Pagazaurtundua Udaltzaingoaren buruaren heriotza eragin zuena (45 urte). ETAren zerrenda luzean, Andoaingo bi atentatu hauek mugarri izan ziren, eta senideen erantzuna eta gizartearen zati handi batena erabat mediatikoak.

Herri horretan ere, azken urte hartan bertan, Euskaldunon Egunkariaren itxiera burutu zuten Guardia Zibilak eta Espainiar Gobernuak. Sumina eta samina, herenegun. Iñaki Uriak, Xabier Oleagak, Martxelo Otamendik, Xabier Alegriak eta Txema Auzmendik torturak pairatu zituzten. Martin Ugaldek eta emazteak blokeo ekonomikoa, dementziadun Ugalde, adinekoak biak ala biak. 2010ean denak errugabetu zituzten.

“Baketik” elkarteak eta Andoaingo Udalak antolatuta, aste honetan SB performatu dugu Bastero kulturgunean, hamalaugarren emanaldia izan dena. Andoaingo azken hamarkadotako memoria (1956-2018) jasota dago argitalpen batean, beste herri batzuetan egin duten moduan. Goiko gertakariekin eta beste hainbatekin batera. Geure emanaldiaren solasaldian, Estanis Amutxastegi alkate ohiak berak jasandakoak kontatu zizkigun, amorru barik, baina tristuraz oso eszeptiko agertu zen hau guztia berriro ez errepikatzeaz.

“Zarauzko amesgaiztoen liburua” (1958-2018) aurkeztu du herrian Haritz Larrañagak aste hauetan, “berriz gerta ez dadin” leloarekin. Jose Ignacio Iruretagoienaren hilketa, Gorka Landabururen zauri larriak, “Haizea” tabernaren atentatua 5 hildakorekin, Kale Nagusiko kaserna siniestroaren torturak eta Jesus Muñecasen curriculum iluna, lehen aipatutako Iñaki Uriaren kartzelaldi luze eta bidegabea…

Enpatiatik eta errukitik eraikiko dugun guztia, aringarria izango da. Ariketa zintzo bakoitza aportazio positibo bat da. Eskerrak eman behar dizkiot Aitor “Mudoh” eta Maider Kortaxarena bidelagunei azken emanaldiagatik, eta hamalau performance hauetan oholtza gainean parte hartu duten pertsona guztiei. 2020an proiektuak jarraipena edukiko du, hasierako espiritu berarekin eta urratsen bat aurrera emateko gogoekin.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07