blogak

Arinduz

Pertsonen eskubideak bizitzaren amaieran

ArartekoUztailaren 4 eta 5ean izenburu horren uda ikastaroan egon naiz Miramar jauregi donostiarrean, Arartekok antolatutakoa. Zainketa Aringarriak Giza Eskubide moduan. Gu guztion bizitzetan plazerra, gozamena eta zoriona zelan tartekatzen diren mina eta sufrimenduarekin.

Mabel Marijuan-en hasiera indartsua izan zen. Eskubideak (eta arauak) baloreetan sustatuta egon behar direla, eta ez alderantziz. Esparru honi “azken egunetako lurraldea” deitu zion, lurralde zehazgabea, kartografiatu ezin dena. Norberaren lurraldea edo besteena. Ziurgabetasunak estutzen gaitu, aurreikusteko gaitasunik eza. Heriotzaren beldurrak zoriona oztopatzen du, eta horren aurrean antsietatea saihestezina da.

Asko gustatu zitzaidan Mabelek erabilitako metafora bat: Heriotzari begiratzea da eguzkiari so egitea bezala, bakarrik tarte laburraz egin daitekeela. Baita hiru kontzeptuekin egindako hausnarketa ere: Denbora, bakea eta askatasuna. Horietatik bat ere ez dagoela heriotza biolentoen kasuetan, edo bestelako bat-bateko heriotza goiztiarretan. Bere hitzetan, besteen azken egunetako lurraldea gurea ere bada “por imperativo real“. Bestela, benetako hiru errelato mota daudela: Bidaiariarena, nekazariarena eta hiltzear dagoenarena. Hitz egin behar dugula aurretiaz gauzetaz. Eta amaitzeko, aspaldiko hiru kontzeptu: Askatasuna, anaitasuna (arrebatasuna…) eta berdintasuna.

Rafa Motak gurea Medikuntza humanista dela gogorarazi zigun. Zelan eman bizitza bizitzaren amaieran? Z.A.-etako estigmaz, “amore ematearena”. XXI. mendeko paradigma aldaketak. Komunikazio eraginkorraren (eta afektiboa: efectiva/afectiva) garrantziaz. Arreta goiztiar eta sinkronikoarena.

Pepe Quintas-ek API (Arreta Plan Indibidualizatua) eta Innopal-i buruz hitz egin zigun, eta azken honetan gaixo eta senideentzat diseinatu duten koadernoaz. Halaber, formakuntza eta kapazitazioaz.

Julio Gomez hasi zen desira eta errealitatea ez nahasteko aholkatzen. Batzuetan ezin dugula lagundu, baina bai hor egon. Eta bertako datu batzuk EAEn eman zizkigun: Urtean 20.000 pertsona hiltzen direla, %70a >74 urtekoak, %54a ospitaleetan. Hiru kontzeptu: Ospitalitatea (abegikorra izatea), presentzia (bizipen trinkoa da) eta errukia (enpatiatik egitea, mugitzea). Arintzen duena harremana delako. Paul Ekman aipatu zuen. Eta GES galdetegia, espiritualtasunaren arloan. 

Brigida Argotek gogorarazi zigun heriotzen 3/4ak gaixo kronikoengatik datozela. Gaitasun profesionalen artean jakitea, egoten jakitea eta izaten jakitea daudela. Eta autonomia eta erabakitzeko eskubidea azpimarratu zituen.

Marijo Goikoetxearen txandan, harreman simetrikoen alde egin zuen. Esparru pribatuan erabakiak zailak direla, eta errespetuaz eta tratu onaz jokatu behar dugula.

Egun hauetan, aldi eta leku berean, suizidioaren inguruko beste uda ikastaro mamitsua eskaini dute.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07