blogak

Arinduz

Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak

mendiakdantzaMendian bizi, naturan txertaturik, animalia, landare eta elementu bizigabeekin harreman zuzenagoan. Batzuetan bukolikotzat jotzen duguna, “infernu handi”-tik gertuago dago. Mendian bizitzea, hautu kontzientea baino, inertzia historiko familiarra da. Noski, oso harmonikoa ere izan daitekeena.

Hirian bizitzea bezala, kasu gehienetan beste aukerarik ez dago. Badaude hiri eta herri bizigarriagoak beste batzuk baino, gure esku dago batzuetan modu batean edo bestean egon. Bereziki garrantzitsua da zentzu horretan Juanjo San Sebastián-en aipamenak geure dokumentalean: Batzuetan basatiago sentitu nahi dugu, beste batzuetan eroso gaude kaletar moduan. Aukera bat edukitzea hanka bat mendian edukitzeko eta bestea hirian. Eta dudarik ez dago Bilbo hiri bizigarri horietako bat dela, aje guztiak gora-behera.

“Canto jo…” liburuaren euskarazko itzulpena irakurtzen ari naiz (Alberdania, 2020). Irene Solà egileak eramaten gaitu Camprodongo haran piriniotarrera, Ripollès eskualdeko iparraldera, Ipar eta Hego Kataluniako muga menditsutara. Mugako liburua da, bizitza eta heriotzaren artekoa. Natural-naturala, non animaliek eurek eta hodeiek ere hitz egiten duten. Bidaia ederra.

Beste behin, burura etorri naiz blog honetan hainbestetan aipatutako “Euri horia”, Julio Llamazaresena. Landa inguruneen odolustea, itzulerarik gabeko exodoa, mendeetako mundu baten desagerpena. Denok gertuagotik edo urrunagotik bizitzen ari garena, gurasoena ez bada mundu hori, amon-aitonena izan dena.

Zirraragarria da korrontearen aurka igotzen diren izokinen ahalegina. Lanuza eta Lakabe guztiak. Eta liburu honetako haizea, euria, usainak, soinuak eta irudiak.

 

Esker mila, Nagore.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07