blogak

Arinduz

Mila hildakotik gora

Covid19MapaZenbakiekin neurtzen ditugu osasun datuak, hondamendien ondorioak, hauteskundeen emaitzak, indikatzaile ekonomikoak, greben jarraipen maila… Zenbat hildako, zauritu, sendatu. Zenbat ospitalean, etxean, ZIUetan. Kurbak, portzentajeak, mapak. Filosofia paliatibistaren arabera, badakigu zenbaki guztien atzean izen-abizenak daudela, biografia zehatzak. Humanizazioaren mugimenduan argi adierazten dugu pertsona bakoitzak axola duela.

Aldi berean, neurketak behar ditugu kokapena behar dugulako, non eta nola gauden jakiteko momentu bakoitzean. Mila hildakotik gora daramagu pandemia hasi zenetik Araba, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hau guztia hastear zegoela, ahots ugari altxatu ziren goseteak mundu mailan eragindako zenbaki lizunak gogorarazten: 8.500 ume hiltzen dira egunero desnutriziogatik munduan, adibidez. Azkar irakurtzen diren datuak eta zailak direnak benetan barneratzen.

Mila hildakotik gora, ETAk eta beste talde hiltzaile batzuk (GAL, BVE…) 50 urteetan zehar zenbaki hotz horiek laga zituzten, atzean izen-abizenak eta biografia zehatzak dituztenak. Zerrenda luzea da 5 hamarkadetan 4 probintzietan, 7 probintzietan, Katalunian, Espainian. Horien guztien artean, bi pertsonen istorio konkretuak ekarri genituen SB proiektuan gogora, bi aita, bi alaba.

Zenbakiak. Suizidioarenak ere hausnatzeko modukoak dira. Zenbat hildako eragiten dute egunero minbiziek 4 probintzietan? Zenbat Alzheimerrak hilabetero 7 probintzietan? Biriketako Gaixotasun Butzatzaile Kronikoak Espainian? Bihotz Gutxiegitasunak Frantzian?

Zorion Nazional Gordina ez da zenbakietan bakarrik neurtzen. Hor sartzen dira faktore kualitatiboak ere, kontzeptu abstraktuak, ikusezinak, ukiezinak: ongizate psikologikoa, osasuna, denboraren erabilera, hezkuntza, aniztasun kulturala, erresilientzia, gobernu ona, komunitatearen bizitasuna, aniztasun ekologikoa eta bizitza standardak.

Bhutan da azken kontzeptu global honen sustatzailea. Mapan begiratzen baduzue, Himalaiako ekialdean topatuko duzue.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07