blogak

Arinduz

Maskarak

asintermitenciasIzan daiteke argazki zehatz bat. Guk besteei erakustea eurek ikustea nahi dugun aurpegia, gu garen poliedroaren alde guztietatik bakarra. Edo izan daiteke, bestela, besteek gugandik ikusten duten aurpegi bakarra, ikusi nahi duten rol bakar hori. Izan daiteke, azken finean, bizitzak ezarri digun maskara hori, guk aukeratutakoa edo etsita onartzen dugun inposatutako hori.

Adibidez, borreroaren rola eta biktimarena. Kostatzen zaigu onartzea batetik bestera pasatzeko dagoen erraztasuna. Biktima izan zaitezke, baina mendekuaren menpe eroriz gero, erraz pasatu zaitezke borreroa izatera. Eta borreroa izatetik munstroa izatera urrats txiki bat baino ez dago askotan. Hor normalean jendarteak berak ipintzen dio borreroari munstroaren maskara, sarritan aho batez, duda-mudatan ibili barik. Piztia isolatzeko, berarengandik umeak uxatzeko, kalte gehiagorik ez egiteko eta, ahal baldin bada, luze barik eliminatzeko azkenean. Frankenstein,  King Kong edo “The Fly” klasiko beldurgarriak…

2017ko martxo eta apiril artean Nafarroako Gobernuak bakea eta giza eskubideei buruzko jardunaldiak antolatu zituen Iruñeko Baluarte jauregian,Bizikidetza erein, begiratu bat artearen bidez” izenburuarekin. Ekitaldien artean, literatura mahai-inguru batean, Luis Garde idazle iruinsemeak gerra osteko pasadizo bat ekarri zigun: Nola preso errepublikarrak Iruñeko tren geltokira iristen zirenean, bertara hiriko jende asko hurbiltzen zen jakin-minaren gatibu, “gorriak” ea nolakoak ziren jakiteko. Ea buztana eta adarrak zituzten konprobatzeko. Ea gorri kolorekoak ziren euren begiekin ikusteko. Jakina, askorendako sorpresa izan zen eurak bezalako pertsonak zirela konturatzea. Baten batek ezagutuko zituen preso haien artean lehengusinaren bat, auzokideren bat, lagunen bat.

Gabriela Ybarra idazle bilbotarrak, mahai inguru berean, utzi zigun borreroen munstrokeriari buruzko hausnarketa baliotsua. Gerraostean Iruñeko geltokira joandako jende hura legez, berak ere halaxe irudikatzen zituen etakideak, munstroen itxurakoak. Sekula lehenago haietako bat ikusi gabe, une bat iritsi zitzaion non jabetu zen bere kalean bizi izandako baten bat ezagutzen zuela. Eta ez zen gorri edo berde kolorekoa.

Antzeko zeozer gertatu zitzaion publikoari Victoria Eugenia antzokian. Azken eguna zen 2017ko Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, apirila zen ere bai. Deepa Mehta zuzendari indiar-kanadar famatuaren “Anatomy of violence” pelikula proiektatu eta gero, gizon batek mikrofonoa hartu eta publikoki aitortu zuen bere borrerokeria, bere munstrokeria. Zelan inoiz ezin izan zituen sexu harremanak eduki indarkeria erabili barik, xehetasunak ematen zituen, hunkituta zegoen, negar-zotinka kontatu zuen hau dena. Zinema zuzendaria eta publikoa ere hunkitu egin ziren, eta txalo artean elkar besarkatu zuten. Borreroarengatik enpatia sentitu zuten amaieran, bortxazko bere ekintzen azpian dagoen gizatasuna antzeman zuten. Indarkeriari buruzko pelikula batek lortu zuen katarsi eder hori gertatu ahal izana.

Hau guztia, hitzez hitz, horrela dago jasota “S(u/a)minetik bakera” gure obra eszenikoaren gidoian. Dakizuenez, obraren bi protagonistak Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco emakume arrasatearrak dira.  Hauek dira Olatzen hitzak bere aita erail zutenei buruz: “Lehen munstro batzuk bezala ikusten nituen, eta orain pena ematen didate. Ez nuke egon gura euren lekuan. Aldaketa hori egin dut. Gero ez dakit topatuz gero zer sentituko nukeen barrutik. Hori da pentsatu izan dudana”.  Eta berba hauek Sandrarenak dira: “Nik ere pena sentitu nuen, fondoan beragatik pena sentitzen nuen. Azken finean lehenengo epaiketan uste dut bere ama egon zela, bere lagun bat eta 3-4 pertsona gehi 2 lekukoak. Baina bigarren epaiketan ez zen inor egon”.

Hau da, behin borreroaren aurrean, eta munstroaren maskara kenduta, gizaki hutsaren aurrean errukia piztu daiteke, eta pena sentitu. Horrek ez du esan nahi barkatzen diozula, edo behintzat ez da derrigorrezkoa errukitik barkamenera pasatzea, jakina. Zigorra ere beharrezkoa izan daiteke, biktimak hori behar dezake, segurtasuna eta babesa sentitzeko. Inork ez die bueltatutako eraildako aita, baina borreroa zigortuta ikustea kontsolamendu modukoa sentitu dezakete. Dena normala, dena gizatiarra.

Baina emango dugu beste urrats posible bat, aurreko sentimenduak bezain gizatiarra dena. Honela esaten digu  Alba Payàs doluaren adituak “El mensaje de las lágrimas” bere liburuan: “Barkatzen baduzu, biktimaren papera baztertu ahal duzu (…) Barkatzearen ondorioak dira erresuminaren eta erruaren pisua askatzea eta pertsona arduratsuago eta toleranteago bilakatzea.”

Eta norabide berean, Robin Casarjian psikoterapeuta (“Forgiveness. A Bold Choice for a Peaceful Heart”): Barkatzeak ez du esan  nahi biktima izan zarela ukatzea, esan nahi du biktima izateak jada ez dituela halabeharrez zure oraingo izaera eta bizitza emozionala menderatzen.  Biktima izan zara, baina aukera daukazu pentsamolde horretatik askatuta bizitzeko.”

Hilabete honetan lehenengo urtebetetzea egin dugu pasa den urteko abenduaren 14an “S(u/a)minetik bakera” Arrasaten estreinatu genuenetik. Horren ostean, Bartzelona, Bilbo, Bergara, Gasteiz, Donostia, Urnieta, Legazpi eta Beasain etorri dira. Urtea amaitzeko, eta Gabonen barruan bete-betean, Zeanurin emanaldia egingo dugu, Gorbeiaren magalean. Eta datorren urteari begira, Lasarten ekingo genion 2019ari. Eta, begiz jota, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia apirilean, orduan ere Nafarroako bakea eta giza eskubideen jardunaldiak eta Literaturia maiatzean Zarautzen.

Osasuna!

 

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07