blogak

Arinduz

Komunikazioa-Inkomunikazioa

apostoles-arantzazuOstegunetik atzo arte, gai zentral hau hartuta, ehun bat osasungile komunikatzen ibili gara Arantzazuko paradisuan, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako 28. biltzarrean. 2010ean egin bezala, Arantzazuko bidegurutze geografikoa aukeratu dugu egoitza moduan, eta horrekin ere asmatu dugula badirudi. Egitaraua ondo hornituta, luzaroan pozik egoteko moduan gelditu garela esango nuke. Urtean behin lankide (eta lagun) batzuk topatzeko, lanean jarraitzeko akuilu moduan, jende berria ezagutzeko, ezagutza konpartitzeko gune hau finkatzen joan gara ia 30 urte hauetan. Bejondeigula.

Ertz asko dauka (in)komunikazioak, eta zabaltasun horren ikuspuntu batzuk jaso ahal izan ditugu egun hauetan. Horien guztien artean bizitzaren amaieraren inguruan. Heriotzaren inguruko beldurrak ezarritako isiltasun konspirazioaz. Itoaldi existentzialak bultzatutako blokeoaz. Izan ere, heriotza horma ala atea da? Minez eta hutsuneetaz. Duintasunak eraikitako biografietaz. Maitasunez egindako zainketetaz. Errukiak ekarritako bakeaz. Isiltasunaren garrantziaz. Betetasunaz. Humanitateaz hitz batean.

Minbiziatik haratago, badaude onkologikoak ez diren gaixo hauek, gaizki lo egiten dutenak arnasestuagatik ez ezik kezkengatik eta burutazioengatik ere. Aldartea aztertzen ez diegunak. Pseudomonas karkaxean bilatu bai, eta buru belarri tratatzen saiatu ere bai. Psikea, ordea, zenbatetan hartzen dugu kontutan? Ps-z hasten dira bi hitzak, baina faktoreen orekatik urrun gaude. Bronkitiko kronikoekin morfina (eta inkluso bentzodiazepinak) erabiltzeari beldurra kentzen hasiak gara. Falta zaigu bronkopatekin (kardiopatekin, nefropatekin, hepatopatekin…) eta euren senideekin gai nagusiei buruz gehiago hitz egitea. Galdera potoloei buruz.

Hausnarketa hauek egiteko, Oñatiko paraje hauek erabat egokiak dira, eta zorte ikaragarria daukagu hain gertu edukita. Oteizaren apostoluen artean bezala, ondo konektatzen, idazten, isilarazten, komunikatzen saiatzen, isiltzen, abesten, keinuak egiten edo elkarri irakurtzen jarraituko dugu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07