blogak

Arinduz

Katanga

UdazkenaUdagoienik udazkenena izaten ari da aurtengoa. Azken urteotako miraria, uraz blai, berdeek, gorriek, horiek, laranjek eta marroiek mozkortuta. Emankorra. Poz-pozik.

Debagoieneko ospitalea ere udagoienak hartu du. Bata bertzearen atzetik ospitaleratu eta hil dira aspaldiko gaixoak eta aste hauetan ezagututakoak. Onkologikoak eta ez direnak. Tartean, rokero zahar baino gehiago. Tarteka, batzuk etxean bertan hiltzen dira, besteak geurean. Sagarrez sagar. Galdetzen badidazue ea geuk zelan kudeatzen dugun emozionalki hau guztia, erantzuna argi dago. Norberak ahal duen moduan.

Esperientziak laguntzen du, nire kasuan, eta kontuari aurrez aurre begiratzeak. Eta aitortzeak nik ere dolua egin behar dudala pazienteekin, batzuekin lan handiagoa eskatzen didala, edukitako harremanaren arabera, prozesua zelakoa izan denaren arabera, zenbat iraun duen, agurrik egon den ala ez. Abiatzen gara errealitate batetik: Sagarrak baino pertsonak direla (garela). Batzuk gorriak, bertze batzuk berdeak, horiak, laranjak edo marroiak. Humanizazioak hau dakar, sentitzen dugula, existitzen garela.

Katanga Kongoko hegoaldearen eskualdea da, Zaire izandakoa. 1960-1970eko hamarkadetan independentziaren aldeko mugimendua egon zen, mugakidea den Angolarekin lotutakoa. Akaso honengatik edo auskalo zergatik, Arrasaten Katanga izeneko taberna egon zen. Ez dut ezagutu, suposatzen ari naiz desagertu egin zela. Baina ezagutu dudana bertako familia kide bat izan da, lankidea ere izandakoa. Saltsa askotako perrexila, bertzeak beste Mondragoeko danborradarena. Errealzale leiala, alaia, limurzalea. Urte onetan berarekin ospitalean gurutzatzeak zekartzan loreak, hitz ederrak eta muxuak. Bizipoza.

Haren alboan egoteko zoriona eduki dut, haren azken egunetan. Asteak pasatu dira hil denetik, baina orain etorri zait barrukoa husteko aukera. Eskerrik asko R, bihotzez, konfiantzagatik.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07