blogak

Arinduz

Ibilbide txukuna

nor

“S(u/a)minetik bakera” (SB) obra eszenikoa 2017ko abenduan estreinatu genuen Amaia Antzokian. Emanaldi hartara bi protagonistak etorri zirenean, Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco, euren senide batzuekin batera. Halaber, Arrasateko alkatesa eta udal batzordea publikoaren artean egon ziren.

Ordutik, beste dozena bat emanaldi egin izan ditugu, gehienak Gipuzkoan. “Baketik” elkartearen eskutik, udal batzordea presente egon zen edo ekitaldia sostengatu zuen lau tokitan, elkarbizitza eta bakearen jardunaldi batzuen barruan: Urnietan, Beasain (Igartzan), Legazpi eta Lasarte-Orian. Kutsu instituzionalagoarekin nolabait.

Hiru tokitan, bestela, markoa bestelakoa izan zen, eta lotu ahal izan genuen obra enpatia eta errukia bezalako gako-kontzeptuekin, heriotza naturalek eta naturalak ez direnek eragindako doluak nolabait konektatzen. Indarkeriek ekarritako doluak minbiziek, beste gaixotasunek, suizidioek, istripuek eta abarrek ekarritakoekin zentzu batean konparatzen, diferentzia nabarmenetatik komuneko puntuetaraino iritsita. Oso ariketa zaila, baina tantaka bada ere iritsi den mezua izan da. Donostian (Okendon) doluan aditua den Izaskun Andonegiren eskutik egin genuen. Zarautzen (Modelon), “Literaturia” jaialdiaren barruan, bertan dagoen komunitate errukitsuaren (“compassionate community”) testuingurua gehitu  genion. Eta Getxon, azkenik, sakondu egin ginen ildo horretan, beste herri errukitsu batean. Erantzun bikainarekin.

Beste lau tokitan “etxean” egon gara sortzaileak edota narratzaileak, Bilbon (Kafe Antzokian), Gasteizen (Oihanederren), Zeanurin eta Zarautzen.

Azkenik, oso nabarmentzekoa izan zen Bartzelonan (Calàbria) egin genuen emanaldia, katalanezko bertsioan eta narratzaile lanetan Robert Manrique (Hipercor-ren atentatuan zauritua) eta Rosa Lluch (Ernest Lluch-en alaba) eduki genituela.

Datuei dagokienez, ia 600 pertsona etorri dira SB ikustera 13 emanaldi hauetan. Eta sari moduan, “Baketik” elkarteak gida pedagogiko bat argitaratu du euskal kasuarekin lotutako baliabide artistikoekin, besteak beste “Proyecto 43-2” eta “Bizimiñak” benetako antzezlanekin batera.

 

“Izan ere, zientzialari apartek

diotenez, eta haur guztiek

dakiten bezala, edozeren

gainetik irudimena da

pertzepzioa, konpasioa eta

itxaropena lortzeko bidea”

Ursula K. Le Guin

PD.- Irati Goikoetxeak kriston itxura daukan liburua prestatzen ari da, izenburu ezin iradokitzaileagoa dauka: “Herriak ez du barkatuko”. Argitaratzearen zain egongo gara ba.

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07