blogak

Arinduz

Hiriburu Tour

HiriakBideaz gozatzea, eta ez bakarrik tontorretaz, bizitzaren beste irakasgai bat da. Helmugen arteko bideetan zenbat leku eta pertsona interesgarri topatu ditzakegun…

Iruñea eta Gasteiz (Donostia) arteko bidean, Irurtzun dago. Denbora luzea zen hotel batean geratzen ez nintzela, urruti gelditzen da benetan birusaren aurreko garaia. Eta faltan botatzen nuen. Sakanako haran horrek iparraldean Aralar eta hegoaldean Andia eta Urbasako mendilerroak ditu. Andiako ekialdeko muturrean, Irurtzunen ondoan, Satrustegiko mendiak daude, Arakil eta Ollaran artean. Bidean geldialdi bat egiteko aitzaki aproposa.

Mendebalderago, Arabako Lautada, Asparrena, Araia ditugu. Eta Aratz mendia. Bertakoak dira Mikel Vicente eta Ainhoa Ortiz de Guinea aspaldiko lagunak, Gasteizera hurbildu zirenak Florida zinemetan dokumentala ikus-entzutera eta elkarrekin egotera. Bizitzak irakaste digun beste kontu bat da presentziak baloratzea ausentzien gainetik, Garrantzitsua da oreka mantentzeko. Gasteizko solasaldian, “sherpa” moduan Patxi del Campok lagundu ninduen. “Vivir con Voz Propia” ekimenaren sustatzailea da, eta komunitate errukitsuen mugimenduan bidelaguna. Hurrengo maiatzean pelikula eskainiko dugu berriro Arabako hiriburuan, VVP-ren barruan. Eta udazkenean espero dugu Zakatumba jaialdian eta Oihaneder Etxean egotea.

Mendi Tourretik kanpo gauzak zailagoak dira, jende uholdeak albo batean gelditzen dira. Eta horixe gertatu zen Nafarroako hiriburuan ere. Carlos Golemek anfitrioi lanak egin zituen, eta solasaldi mamitsua izan genuen, Gasteizen bezala. Pili Ganuza gogoratu genuen, eta bere hitzak: Mendia mendia dela, altuera batekoa izan ala bestekoa. Himalaian ala Pirinioetan. Metroetan neurtzen ditugu mendiak, urteetan bizitzak, ikusle kopuruan publikoa. Zenbat. Eta horretaz gain, interesgarriak dira zabaltzen diren ateak. Iruñeko emanaldietatik ireki zen ate hau bezala (mila esker Beñat Zaldua!).

Bilbon beste hainbeste gertatu zen, Alondegiko Golem areto ederretan. Julio Gómez izan nuen alboan, bera ere mugimendu errukitsuaren bidelaguna eta beste hainbat saltsatan, “Aulki Hutsak”-en adibidez. Juanjo San Sebastián ere solasaldira etorri zen, eta zenbat den denbora asko azaltzen saiatu zen. Zenbat. Publikotik, txapela kentzeko moduko heriotzak hirian ere gertatu daitezkeela gogorarazi zigun Iker Lope Bergarak. Haren aitaren bizitzaren amaiera etxean gurekin konpartitu zuen, mediku moduan atenditzeko zortea izan nuena. Modu distraituagoan egiten diogu aurre heriotzari hirietan. Izaskun Andonegiren (Bidegin elkartea) hitzak dira, eta hala da.

Izaskunek, Lori Thompson-ek (Matia Fundazioa) eta hirurok solasaldi dotorea eskaini ahal izan genuen Principe zineman . Ez zen lehenengo aldia horrelako bat egiten genuela, AH-ekin elkar ezagutu genuen eta bidean topo egin dugu behin baino gehiagotan, zorionez. Eurekin nabaritzen dudan jarioa eta naturaltasuna zinez atseginak dira, eta hori transmititzen da. Lau hiriburuen artean jendetsuena izan zen Donostiakoa, estreinaldia egiteko falta zitzaiguna. Eta Lorik azpimarratu zuen zerbait, denon pentsamenduan dagoena: Zein ederra den publikoarekin aurrez aurre egon ahal izatea garai ilun hauetan, alegia. Hain zuzen ere publiko artetik etorri zitzaigun iruzkin polit bat, nik behintzat asko eskertu nuena: Isabel Landarentzat dokumentala baliogarria izan da alpinisten jokabidea hobeto ulertzeko. “Zergatik?” galderari erantzuten laguntzeko.

Martxoaren 12an ekin genion “Hiriburu Tour” honi, eta Donostian martxoaren 25a arte luzatuko dugu. Ustekabe zoragarria izan da, espero ez genuena. Udaberriaren hasiera honetan.

 

 

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07