blogak

Arinduz

Heriotz ezin hobe bat

Bakea“Sabelean korapilo bat neukan: Arratsaldero zahar-egoitzatik etxera joaten nintzenean estutasun horrekin, ea egun hartan hilgo zen ni barik. Hil zenean, zorionez, korapiloa askatu zitzaidan. Hor egon ginen hirurak, berarekin, eta zu gelditu zinen gurekin batera azken hatsa eman zuen arte. Oso polita izan zen. Kalean kontatzen dut eta zoratuta egongo banintz bezala begiratzen didate, baina horrela izan zen, ezin hobea.”

Egia esan modu horretan gertatu da, 7 hilabete izan dira eta bakea izan da prozesua definitzeko hitz egokiena. Baita maitasuna eta umorea ere bai. Kontsultara etortzen ziren eurak, hiru senideak, emaztea eta bi alabak. JR egoitzatik ez zuten ekartzen, ni joan nintzen hara behin berari bisita egiten, eta dena ondo eta lasai zegoelako iritziarekin geratu nintzen.

Urtarrilean topatu ginen aspaldiko partez C eta biok, JRen emaztea eta biok. C ospitale zaharreko lankidea izan zen, urteetan, eta bizitzak elkartu gintuen ospitale berrian erabateko kausalitatez. Senarraren egoera jakin nuen eta kontsultara bideratu nuen, onkologikoak ez diren pazienteekin beti da zailagoa zainketa aringarrietara hurbiltzea.

Hurrengo 7 hilabeteetan kontsultan zalantzak uxatze lanetan ibili naiz, hartutako erabakiak sendotze lanetan, C-k egindako zaintzaile lan guztia eta 2 alaben ikuspuntuak balidatu. Oreka mantentzea hitz batean. Eta azken hilabetean hiru bizipen garrantzitsurekin gelditu ahal izan dira: JRren urtebetetzea ospatzea, pazientea egun batez zahar-egoitzatik etxera joatea eta beste egun batez Arantzazura joatea.  

Abuztu honetan heriotza bereziki onak eta lasaiak eduki ditugu. Eta JRrena, egia esan, ezin hobea izan da. Doluaren bidea goxatzen duena.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07