blogak

Arinduz

Guarpenaren alte

Liluratu ninduen gaztetan. Exotikoa, antzinakoa, erabat erakargarria topatu nuen. Bolada bat ibili nintzen Erronkariko Uskararekin gora eta behera, 20 eta piko urterekin, eta garai berean hasi nintzen Nafarroako Pirinioa ganoraz deskubritzen. Zorrotzako lagun batzuekin 2-3 asteburu eman nituen hango bazterrak ondo ezagutzen, 1990eko hamarkada hartan.

Behin eta berriz itzuli izan naiz, batez ere ondoko ibarrera, Zaraitzura. Baina ondo gogoan dut Izaban behin topatu nuena, hileta-segizio tradizional bat, herria zeharkatzen. Montxo Armendarizen pelikula bat izango balitz bezala, baina bizitza errealean. Hango euskararekin batera, beste hainbat tradizio galtzen joan dira denborarekin.

Lehengo egunean Aitor Elduaienek galdetu zidan honi buruz Izabako Mendi Tourrean, MHHH eman ondorengo solasaldian. Heriotzaren kontzientziaren galerari buruz. Bai, hori ere galtzen joan gara, baina hain zuzen ere Erronkaribar edo Zaraitzuko ibar menditarretan zeozer gelditzen dela esango nuke, Iruñeko karriketan hainbeste ez dagoena. Uskararen oihartzunak bezala, zeozer hori. Mendialdean edo kalean hiltzea oraindik ere desberdina delako.

Ederra izan zen aurrekoan geure pelikula aire librean ikus-entzutea, izarren azpian, publiko gehiengo mendizale horren aurrean, Herriko auditorio ireki hartan, gainera, Zorrotzako aspaldiko bi lagun horiek egon ziren. 20 eta piko urte lehenago handik ibili ginen, Belagoako orduko aterpetxean. Asteburu haietako batean Burgira hurbildu ginen Pili Lanuzari entzutera, 8.000ko bat igo zuen lehendabiziko emakume nafarra berau. Berak esandako esaldi hori ordutik daramat nirekin, mendiak ez dira Himalaian hasten, geure inguruan baino, Abodiko tontorretan, Orhi. Ezkaurre edo Mahaian.

Sinestu ala ez, denborak aurrera jarraitzen du, ez gara duela 20-25 urte ginen horiek. Aldi berean, atzean pertsonak, bizipenak eta lekuak gelditzen dira. Geure esku dago oroimenari eustea.

 

Guarpenari ezau akabatan tenpra

(Oroimenari ez zaio amaitzen denbora)

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07