blogak

Arinduz

Fauda

FaudaXakearen taulako piezak hankaz gora. Traizioak. Nortzuk diren zuriak eta nortzuk beltzak. Gezurrak. Garaipena lortzeko edozer. Nahaste-borraste. Bakeari xake mate.

Olibondoen eta errautsaren erresuman kokatuta dago Netflix-ek aurkeztutako “Fauda” telesaila. Izenburuak horixe esan nahi du, anabasa, momentu askotan ikus-entzuleak sentitzea lortzen dutena. Arabieraz hitz egiten duten juduak eta hebraieraz mintzatzen diren palestinarrak. Zer den txar eta zer on. Ezin da esan ekoizpen israeldar hau neutrala denik, jakina, baina ahalegin ona da herrialde bien arteko gatazka islatzeko. Borreroaren larruan ere ipintzeko, antipatiatik enpatiarako urrats erraldoia emateko.

Beti da interesgarria armada barrutik ezagutu duen jendeak kontatzea zelan funtzionatzen duten gauzek. Telesaileko egileek, hain zuzen ere, horixe bera erakusten digute. Militarren logika, tarteka gordintasunez, indarkeriaren apologia. Baina tarteka ikusi ahal izaten dugu etsaiaren humanitatea ere, borreroaren ingurunea, senideak, amak, arrebak.

Israelgo armadaren barrutik ugariak dira testigantza kritikoak, “Breaking the Silence” ekimenean bildutakoak, blog honetan behin baino gehiagotan (gor)aipatu ditugunak. Urrutitik bada ere, Intsumisioarekin lotu dezakegun mugimendu bakezalea guztiz interesgarria da. Munduan hainbeste adibide ez daude, bestela, zoritxarrez. Ohikoagoa da indarkeria, eta post hau prestatzean ustekabe negatiboa izan da India eta Pakistan arteko gatazkari egokitutako “Fauda” modukoa ekoizten ari direla. Ez nuke inolaz ere esango Ekialde Hurbileko parekatu zitekeenik Asiako hegoaldean zegoena  (edo dagoena).

Ondo amaitzeko, erabat harira datoz Ekaitz Goikoetxearen bertso ausart eta konpontzaileak ( ‘Mingarri den bitartean’), geure troubles-ei erreferentzia eginez:

Mahaira aulki berriak
nahi badira erakarri,
aho bakoitzeko behar
genituzke bi belarri,
elkarrengana hurbildu
erreparatu elkarri…
Mugitu gabe ezin da
besteen lekuan jarri.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07