blogak

Arinduz

Europako atlas aringarria

EAPCAtlasPasa den astean, Iruñean egon nintzen Berlinen izandako EAPCren kongresuaren laburpenean. Carlos Centenok eta lantaldeak bertan aurkeztu zuten Europako atlasa zainketa aringarrien (ZA) inguruan, 3. edizioa hain zuzen ere. Azken urte hauetan Afrika, Latinoamerika eta Mediterraneoko Ekialdeko herrialdeen egoerara hurbiltzeko ahalegina egin dute egileek, eta oraingo honetan geure kontinentearen datuak aztertu dituzte.

Izan ere, urtero 4 milioi pertsona inguru hiltzen dira Europan gaixotasun larriekin lotuta, horietatik 140.000 inguru haurrak direlarik (gehienak gaixo kronikoak, neurologikoak eta kongenitoak). 2014an, %38a minbiziak jota hil zen, %25a zirkulazio gaixotasunengatik, %11a istripu zerebrobaskularrengatik, eta beste hainbeste birikako eritasunengatik.

Atlas honetan 51 herrialderen informazioa jaso dute, eta 4 multzotan sailkatu dituzte: Lehenengoan, arreta hoberena eskaintzen dutenak daudelarik, Irlanda eta Erresuma Batua topatu ditzakegu, besteak beste, eta buruan Austria. Bigarrenean, Frantzia eta Portugal. Hirugarrenean, Espainia eta Errusia. Azkenekoan Turkia eta Grezia.

Zortzi herrialdek, bestela, lege nazionalak dituzte ZA inguruan: Frantzia, Belgika, Luxenburgo, Italia, Portugal, Albania, Alemania eta Armeniak. Beste 8k derrigorrezko unibertsitate ikasketak jasotzen dituzte Medikuntza fakultateetan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Suitza, Estonia, Luxenburgo eta Moldavia), eta 4k Erizaintza eskoletan (Frantzia, Polonia, Austria eta Kirgizistanek).

Mina arintzea da ZAetako zutabea (Lancet, 2018), eta morfina botikarik egokiena. Opioideen kontsumo tasaren arabera, beste 4 multzotan sailkatu dituzte herrialdeak: Lehehengoan Espainia eta Irlanda (eta buruan Austria), bigarrenean Erresuma Batua, Frantzia eta Portugal, hirugarrenean Estonia eta Polonia eta laugarrenean Errusia eta Turkia.

Amaitzeko, 51 herrialdeetatik 44k elkarte nazionalak dituzte: Lehendabizikoa Erresuma Batukoa (APM)  izan zen 1985ean, 1988an EAPC sortu zuten,   1990ean Danimarkakoa (Palliativ), Frantziakoa (SFAP), Espainiakoa (SECPAL) eta Luxenburgokoa (Omega 90), 1994an Alemaniakoa (DGP), 1995ean Portugalgoa (APCP), 1999an Austriakoa (OPG) eta 2002an Poloniakoa (PTMP), besteak beste.

Info+: https://eapcnet.wordpress.com/2019/05/24/new-edition-of-eapc-atlas-of-palliative-care-in-europe-launches-at-16th-eapc-world-congress-in-berlin/

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07