blogak

Arinduz

Dolulagun perinatalak eta bestelakoak

GureTxikixakEider Otxoa eta Kristina Pavon eduki genituen aurreko ostiralean Arrasateko ospitalean. Asteroko saio klinikoen barruan, urteko lehenengoa izan zen pasa den astekoa. Dolu perinatalaz hitz egin ziguten biek, alde batetik, eta “Dolulaguna” zerbitzuaren aurkezpena egin zigun Eiderrek, Debagoienean dolurako modu espezializatuan dagoen bakarra.

Erditzearen inguruan edo haurdunaldiaren azken zatiaren barruan gertatutako umeen heriotzak. Hauek eragindako doluak dira gure gizartean baimenduta ez dauden horietakoak. Tabuen artean taburik handienen artean daude. Amazurtzek eta aitazurtzek ez daukate izen baimendurik. Saio orekatua izan zen ostiralekoa, hasteko hizkuntzaren aldetik, naturaltasunetik eginda izan zenez. Orekatua baita ere asertibitatea eta serenitatearekin planteatuta zegoelako, alde batetik salaketa eta bestetik esker ona balantzan ondo ipinita.

Saioa oso sinbolikoa izan zen baita ere, ospitalean hil zirelako duela 8 urte Ekaitz eta Xabi, Eider eta Kristinaren semeak hurrenez hurren. Are sinbolikoagoa Jose Ramon Navarro Ginekologiako zerbitzuburua eta Rebeca García emagina bertan egon zirelako publikoan. Zirkuluak ixten. Publiko asko etorri zen gainera, eta euren artean egoiliar ia guztiak etorri ziren, besteak beste, formakuntzan dauden biharko familia medikuak.

Blog honetan aurretik ikasi genuen operazio aritmetiko harrigarria (3-1=0), “Return to zero” pelikularekin. Baita seme baten galeragatik eta bikote harremana apurtzearren dolu bikoitza zer den, atzo ez dela sekula amaitzen. Kristina eta Eiderren eskutik ikasi genuen zein mugimendu handia dagoen dolu perinatalaren inguruan, Umamanita elkartea esate baterako. Edo misterio honen barruan dagoen sekretua, Ana Pía López García de Madinabeitiaren lana.

Eskerrik asko.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07