blogak

Arinduz

Doluak eta gazteak

GrievingTeensUnibertsitateko ikasleak prestatzen dabiltza karrera amaierako lanak aste hauetan. Horietako bi, Urola Kostako bi neska, harremanetan ipini dira nirekin egun hauetan hori dela-eta: Larraitz Blanco Psikologia ikasketak bukatzen ari da, eta gai moduan zainketa aringarrien eta eutanasiaren ingurukoa aukeratu du, heriotza duina alegia. Eduki genuen solasaldian, interes handia erakutsi zuen, pozgarria da 20 urteko jendea gai hauetaz arduratzea. Izaro Egaña, bestela, Ikus-entzunezkoen ikaslea da, eta dolua izan da berak hautatutako gaia. Dokumental laburra egingo du, eta horretarako testigantzak bilatzen ari da, bizipenak eta apunte teorikoak. “Aulki Hutsak” ikusi du, eta antzeko planteamendua egin nahi du, baina ikuspuntu desberdin batekin: Jende gazteak doluak nola bizi dituzten aztertzea. Horretarako, Lide Crespo “geureak” parte hartuko du lan honetan, behin “Mendian hil. Hirian hil”-en estreinatu eta gero animatu da beste urrats bat ematen. Ona! Polita izango da Izaroren lana bukatuta ikus-entzutea.

Bitartean, asteburuan “Dardara” dokumentala ikus-entzun dugu azkenean Maiderrek eta biok. Eta horixe sortu dit barruan ‘Berri Txarrak’ taldeari buruzko pelikula honek: Zirrara, dardara. Baita nostalgia ere, orain pandemiagatik disfrutatu ezin ditugun kontzertuengatik. Atzean lagatako  gaztaroko urte horiengatik ere bai, orain dela 25 urtekoak, BTX hasten ari zirenean. Pelikularen pasarte batean, ama batek azaltzen dio alaba txikiari (bandaren zale amorratuak biak ala biak) zer den fisikoa ez den mina, ikus daitekeen zauririk lagatzen ez duena. “Min hau” abestiaren hitzen haritik: “Min hau neure neurea dudala badakit, baina zauria ez dut topatzen inundik…”. Akorde eta hitz hauekin hasten da “AH” dokumentala, hain zuzen ere, eta ederra da ama eta alabaren arteko solasaldia entzutea. Gainera, Izaro ikasleak galdera horixe egin zidan aurrekoan, beste batzuen artean: Zelan azaltzen zaion ume bati zer den dolua, ikusten ez diren zauri horiek zer diren.

Erronka bat daukat laster, ildo honetatik jarraituta. “Compassionate communities” mugimenduan, helburu nagusien artean heriotzaren kontzientzia hedatzea eta doluari daukan garrantzia ematea daude. Nerabe eta gazteen artean hau lantzea erronka bikoitza da, sarritan gurasoekin hasi behar garelako. Eta geure beldur eta ezin propioekin. Getxon, Gasteizen, Donostian (Bidegin) ondo dabiltza jarduera hauetan, baita geure Zarautzen ere. Hirugarren urtea beteko dugu aurten geure ekimen errukitsua martxan ipini genuenetik. Eta bereziki Salbatore Mitxelena ikastolan aritzen gara lan pedagogikoa egiten. Miren Ros eta biok bertako gurasoak gara, eta hilabete honetan saio bat egingo dugu DBH3ko ikasleekin, pelikula batetik abiatuta: “Monsieur Lazhar” bikaina. Dolua, heriotza eta suizidioa 14-15 urtekoekin lantzeko erronka dugu. Eta nire kasuan oso berezia izango da, ikasleen artean Pello semea izango dudalako.

Dolua inspirazio iturri izugarria dela kontu jakina da. Beste pelikula bat ikus-entzuteko aprobetxatu ditugu “egun santu” arraro hauek: “Nomadland”Frances McDormand aktoresak ez badu Oscar saria irabazten aurten lan honengatik, oso gertu geldituko da. Desolazioa, elurra eta hotza, paisaia lehorrak eta gainditu gabeko doluak dira filmaren osagai batzuk. Beste AEB bat erakusten dute, nomadena, etxe finkorik ez daukatenena, sistematik kanpo xamar bizi direnena. Autokarabanako asteburu baterako pelikularik egokiena. Erabat gomendagarria autokarabana barik ere.

“Eta min eman arte zure falta izan
Ez da musa hoberik”. Berri Txarrak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07