blogak

Arinduz

Dementziak bizitzaren azken fasean

Miramar2018Hiru egunez jardun dugu Donostiako Miramar jauregian gai hau hartuta aste honetan, eta hemen doa laburpen posible bat:

Uda ikastaroa hasi zen Mari Carmen Garmendiak (Matia Fundazioa) egindako aipamen batekin: Zygmunt Baumanen kontzeptua “gizarte (post)moderno likidoei” buruz, hain zuzen ere dugun ziurgabetasun sentsazioaz, eta horrek sortzen digun angustia existentzialaz. Eta jarraian Mari Carmenek euskarazko atsotitz edo esaldi zahar bi gogorarazi zigun: “Ume jaio, ume hil”. Eta “Biziak berarekin herioa darama”.

Blanca Morera psikiatrak (Donostia Ospitalea) “duintasun” kontzeptuari buruz hitz egin zuen, higatutako hitz horietakoa (“errukia” bezalakoa): “Dignitas”, “Decentia”, “Decorum”. Izan ere, gizakiaren “dignitas” jainkoen eta animalien artean dagoen hierarkia da. “Autonomia” esan nahi du, nolabait. Eta pekatua, duintasun eza. Hauskortasunaren etikatik mamitutako baloreak dira, enpatia eta gupida bezalakoak. Aurreko paragrafoarekin lotuta: “Hauskor jaio, hauskor hil”.

Ivan Antón medikuak (Matia) ekarri zizkigun datu garrantzitsu batzuk: 90 urtetik gorakoen erdiak, gutxi gora-behera, dementziaren bat pairatzen du. 2050erako 115 milioi pertsona dementziadun egongo direla aurreikusten dute adituek. Alzheimer gaixotasunak dementzia guztien %70 inguru osatzen du. Beste hiru motak dementzia baskularra, Lewy gorputzena eta dementzia frontotenporala, tipo mistoekin batera. Gaixotasun aurreratuak GDS-FAST eskalan 6 eta 7an daudenak dira. Akats pronostikoak, hala ere, ugariak dira, %30-40 inguru. Susan L. Mitchell (Harvard) aipatuta izan da ikastaro guztian zehar, eta zehazki ‘New England Journal of Medicine’ aldizkari ezagunean 2009an argitaratutako artikulua dementzietako terminaltasunari buruz: Arnasestua, mina, ultzerak, agitazioa eta bronkoaspirazioa sintoma eta zeinu nagusi moduan. Kronikotasunaren bilakaeraren lerroa eta dementziena, desberdinak. Zainketa aringarri goiztiarrak gomendagarriak dira, baina ez da erraza planteatzea gaixo eta senideei. Edozein modutan, kasu aurreratuak identifikatzea (NECPAL eskalaren bidez, esate baterako) eta familiari informatzea garrantzitsua da. 4 dimentsio jorratzeko: Fisikoa, psikikoa, soziala eta espirituala. Zaintzaileentzat zama bat izateko gaixoaren beldurraz. Eta, azkenik, hauskortasun VIG indizea, 0.6tik gorakoen hilkortasun tasa %100a, 12 hilabetetan.

Xabier Ibarzabal medikuak (Matia) iraganaldia, orainaldia eta geroaldiaren zentzua dementziadunengan apurtu egiten dela aipatu zigun. Ziurgabetasunaz berriro, kontrola galtzeaz, despertsonalizazioaz. “Zorte onak edo guardiako aingeruak” abandonatzen gaitu(zt)enean. Hauskor eta baztertuen humanizazioaz: Dementziadunak eta eroak kartzeletatik atera eta Medikuntza/Erizaintzara ekarri izana XIX. mendean. Eta kontzeptu gako bat: Dementziadunak ez ziren gehiago behar izango, aro teknologikoa baino lehen bizi zirena baino (Basakeria terapeutikoaren aurka). Jaiotza une bat da, heriotza tarte luzeagoa izan daiteke.

Alexander Ferro farmazialariak (Matia) hitzaldi bikaina eman zuen depreskripzioari buruz. Lehenik eta behin, mahai gainean ipini zuen dementziek ekarritako arazo ekonomikoaren dimentsioa (gradualki gero eta handiagoa), eta ditugun baliabide mugatuak. Farmakoei dagokienez, azken 14 urteotan bakarrik onartu dute dementzien aurkako 3 farmako bakarrik (Donepezilo, Memantina eta Rivastigmina), 100 bat kanpoan utzita. Albo ondorioak kontuan hartzekoak dira: Erorketak (aldaka apurketak), neumoniak, istripu zerebrobaskularrak… Balizko gertaeren prebentzioa alde batean utzi eta tratamendu sintomatikoan fokalizatu. Polifarmazia murriztu (“San Sintrom” zalantzatan beti kasu aurreratu hauetan). Eta noski: farmakoak kentzeko, beti adostu pazientearekin edo senideekin.

Petra Peña medikuak (Matia) gogorarazi zigun fundazioaren pazienteen batez besteko VIG indizea 0.55etik gora dagoela. Dementziadunen pronostiko txarra sintoma edo faktore hauek markatzen dutela: apatia, aluzinazioak, adina, gizona izatea eta asaldura motoreak. Eta sedazioa indikatzeko, hauek sintomarik ohikoenak: Loeza, depresioa, arnasestua eta mina; Elena Fernandez medikuak amaitu zuen lehenengo eguna datu batzuk ematen: Psikogeriatriaren arloko  heriotza-tasa %11.5a dela, eta Matian orokorrean %26a. Atentzioa deitu zidan zein portzentaje txikitan indikatzen duten sedazio paliatiboa, %1.25a.

Enrique Arriola geriatrak (Matia) zabaldu zuen bigarren eguna CASCADE metodoa azaltzen (Choices Attitudes Strategies Care Advanced Dementia End of Life). Pazienteen profila, hauxe: Emakumezkoa, alarguna, 84 urtetik gorakoa, FAST 6-7, bizi-itxaropena 0-3 urte, menpekotasun eta asaldura kognitibo handiak. Hiru eskala interesgarri aipatu: SM-EOLD (Symptom Management at the End of Life care in Dementia), PAINAD (Pain Assessent in Advanced Dementia) eta BANS-S (Bedford’s Alzheimer’s Nursing Severity Scale). Bestela, hilkortasuna 6 hilabetera neumoniek eta aldaka apurketek baldintzatzen dutela, bereziki. Zunda nasogastrikoen aportazio eskasa kasu aurreratuetan, eta ekuazio argi bat: Disfagia = Terminaltasuna. Gaixoek eskubide osoa daukatela zainduta egoteko. Ez, ordea, neurri mediko guztiak jasotzeko.

Marta Idiaquez gizarte laguntzaileak (Matia) hiru kontzeptu azpimarratu zituen: Disponibilitatea (osasungileok eskaini behar duguna), bitartekaritza (familiarekin eta beste profesional batzuekin) eta perspektiba (hau hartzen lagundu behar diegu zaintzaileei).

Lori Thompson psikologoak (Matia) ekarri zigun omnipotenteak edo inpotenteak izatearen erdibidea: Egiten dugu aha duguna. Egi jasangarrien garrantzia: Ondo aztertu behar dugu hartzailea. Zaintzaile kronifikatuaren rola (gaixotasun luzeen ondorioz) eta zaintzailearen sindromea: Ukapen fase luzeagoa, errua (batez ere zahar egoitzekin lotuta). Xabier Alvarez psikologoa, doluari buruz, argi esan zigun gaixotasunak azaleratzen dituela familiako rolak.

Jose Manuel Garmendiak eskaintzen du arreta espirituala Matian, eskaeraren arabera beti ere (eskaintza egitea baino). Entzute talde bat sortu dute: Elkarbizitzaz eta menpekotasun funtzionala dira gai nagusiak. Zinema ostiraletan ematen dute. Poeta mistikoen irakurketak. Zainketa aringarrietan meditazioa, erlaxazioa eta otoitz kontenplatiboa. Heriotzaren osteko laguntza. Denboraren balorea (presentzia), lasaitasuna eta bakea dakartzana. Kontaktu fisikoa (Contacto, Comprensión, Compasión, Calidez, Corazón). Amore ematea, joaten uztea eta askatzea bultzatzen dute.

Myriam Berruete medikuak (Donostia Osp.) liburu (“Un hombre afortunado”, John Berger) eta pelikula labur bana (“Nunca te olvidaré”, Victor Devesa; 2015) gomendatu zizkigun. Kronologia bat ekarri zigun: 1984an Valdecilla, 1986an Vic, 1993an Etxeko ospitalizazioa Donostia Ospitalean, 1998an Zainketa aringarrietako unitatea Donostia Osp., 2008an Etxeko osp. Gipuzkoa osoan. Bestela, pertsona askok etxean hil nahi dute, baina horietako dexente azkenean ezin dute lortu, zaintzaileen baldintzetatik edo sintomen kontrol zailagatik. Halaber, osatzaile zaurituaren bere rola erakutsi zigun, dolu oso berria duelarik.

Javier Alaba medikuak (Matia), azkenik, minari buruz hitz egin zigun dementzien arloan. Prebalentzia %20-40koa dela. PAINAD eskala hobetsi zuen (aurpegiera, jarrera, mugimenduak). Umeekin eta jaioberriekin erabilitako eskalen antzekotasunak. Minaren azpitratamenduaren joera mediku eta erizainengan, alde batean, eta gaintratamenduarena zaintzaileengan, bestean. Minaren jatorria artrosia dela kasu gehienetan. Minaren ondorioak: delirium, depresioa, makaltze funtzionala.Gauza txikien garrantziaz. Eta zahar-egoitzetan urteko hilkortasun-tasa: %25a.

Info+: “Los derechos no caducan con la edad ni con el deterioro cognitivo” (3. edizioa)

Ostiralean da dementziadunen (eta euren zaintzaileen) nazioarteko eguna: Irailaren 21a.

“Eromena ez baita inoren monopolio izango jakina” (Inoren Ero Ni).

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07