blogak

Arinduz

Bake prozesua?

SB Gernikan aurkeztu genuen pasa den martitzenean, Gernika Gogoratuz elkartearen adeitasunari esker. Emanaldia baino lehen, aukera izan nuen Bakearen Museoa bisitatzeko, modu ezin hobean. Erabat pedagogikoa da bakea zer den ondo hausnartzea, gatazkak zein mota askotarikoak, indarkeriak zenbat aurpegi dituen. Bonbardaketa eta gerren izuaz gain. Terrorismoen ikara barne.

Emanaldiaren ostean, eszenatokiaren gainean bi gonbidatu berezi eduki genituen Mudoh, Naia, Koldo eta laurokin batera, lehenengo aldiz. Solasaldian Maria Jauregi eta Jon Maia lagun eduki genituen. Maria azken bolada honetako ahotsik aktibo eta interesgarrienetarikoa da. Gutxiengo absolutuan egon arren, bake keinuak etengabean botatzeko adorea dauka Jauregik. Eta nire ustez hauxe da dolua burutu eta gero pertsona batek egin dezakeen gauzarik ederrenetarikoa, ederrena ez esatearren. Aitaren (eta amaren) lanari jarraitzea. Eraildako aitarendako omenaldirik hoberena. Nolako egurra, halako ezpala. Praktikan modu dotorean ipinita, gainera.

Maixabel Lasa bera publiko urriaren artean egon zen, eta ez ziren falta izan berari buruzko erreferentziak solasaldian. Fabián Laespadak bertan parte hartu zuen, halaber, eta gai interesgarria laga zuen hausnarketarako. Hain zuzen ere, SBren puntu gakoetako bat: Zer den herriaren sostengua edukitzea eta ez agintariena. Eta alderantziz. Olatz Etxabek eta Sandra Carrascok ondo azaltzen duten moduan.

Jon, bestela, azken urteotan jo eta ke dabil bertsotan ez ezik musikan eta dokumentalgintzan ere. “Hezurbeltzak” izena dauka oraingo bere musika taldeak, sarkasmo guztiarekin. Jon eta taldekideek zaplazteko ozen bat ematen diete hainbeste axola zaienei ea pertsonak bertan ala kanpoan jaiotakoak diren, euskaldun zaharrak ala berriak, erdaldunak ala elebidunak, oinaztarrak ala ganboatarrak. Maria eta Jon, bi mundu desberdinetatik etorri arren, bata txuri-urdina, bestea zurigorria, zubiak non dauden ondo dakite.

Bestela, gaur egunkarian irakurri dut El Salvadorren ere katuak oinutsik dabiltzala: Justizia trantsizionalaren, erreparazioaren eta adiskidetzearen legeak polemika piztu duela, biktimek salatu dutela “ezkutuko amnistia” dela. Eta Ignacio Ellacuria jesuita bizkaitarraren kasuari eragingo diola, besteak beste.

Dolu kolektibo hau hobeto kudeatuta egonez gero, herritarrongandik hasita. Zauriak ondo ixteko garrantziaz jabetuta egongo bagina. Altsasukoa bezalako mendeku ariketak desaktibatuta eta goitik arbuiatuta egongo balira. Ermua izango ez balitz soilik Zaldibarren ondoan dagoen herri bitxi hura. Baketik gertuago egongo ginateke, eta urrutiago suminetik (eta saminetik) .

Info+: “Dolu oso ezberdinak daude, baina amankomuneko puntuak topa ditzakegu” (Busturialdeko Hitza)

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07