blogak

Arinduz

Afaloste

AfalosteGernika Gogoratuz, Bakeola eta Gernikako Bakearen Museoaren eskutik afari (eta afaloste) oso berezia eduki genuen lehengo egunean Bilbon. Bestelako klabean bazkariak eginda genituen “Umore Ona” txokoan Jokin Alberdirekin, umeak eta gu gazteagoak ginenean, baina aurrekoan otordua nahiko desberdina izan zen. Mamitsua erabat.

Kausalitate hutsa da Gernikatik ekimena abiatu izana. Txarto gogoratzen ez banaiz, orain arte Amurrion, Irunen, Etxebarrin, Donostian eta Gernikan bertan antolatu dute bizipen hau azken hilabete hauetan. Eta bizipena diot lehenik eta behin hori izan zelako, niretzat behintzat, ekintza hau. 20 pertsonok elkarren artean trukatu genituen barrukoak, giro lasaian eta askean. Non nengoen ni hori eta hura gertatu zenean? Hiru zatitan banandu zen ekimena: Afaria baino lehenagokoa, afaria bera eta ostekoa. Lehenengoa izan zen luzeena, aurkezpenak egin genituena eta istorio pertsonalak mugitzen hasi ginena. Koldo R Bengoa lagunarekin joateko plazerra eduki nuen (milesker beste behin ere abegi onagatik). Eta eskatu ziguten sukaldeko osagai batekin  euskal gatazka lotzea. Biok ozpina aukeratu genuen.

Afarian bertan (milesker sukaldariei!), iraganaldia, orainaldia eta etorkizunari buruz hausnartu genuen. Lehendabiziko platerrean, nola bizi izan genituen “The Troubles” orduan, non eta nola harrapatu gintuzten. Bigarrenarekin, orain eta hemen zelan ikusten dugu kontua, “Gauza,” Iban Zalduaren hitzetan. Eta postrearekin ortzemuga nola ikusten eta usaintzen dugun. Oso aberasgarria izan zen Rifetik Euskal Herrira etorritako bi gizon talde honetan egon izana. Plano pertsonalean ere bai.

Elkarbizitza pil-pilean. Zoritxarrez, ez dut uste gizarte honetan modu nabarmenean nola elkar bizi kezka handiegia denik. Aktualitate soziopolitikoak tamalez horixe erakusten digu. Zorionez, pil-pilean jende eta elkarte asko lanean ari da, poliki, emeki. Isilean. Zarata mediatikoetatik at. Bakoitzak ahal duen moduan. (Hedabide ofizialen bidez azken mugimendu baten berri jaso dugu egunotan).

Milesker bihotzez antolatzaileei. Espero daigun Gernikan zeozer polita egitea holako batean…

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07