blogak

Arinduz

Adiorik Gabe (2)

Adiorik GabePasa den larunbatean, apirilaren 6an, Principal Antzokian aurkeztu zuten “Adiorik Gabe” ekimenaren laugarren ekitaldia. Inesa Ariztimuñok koordinatuta. Hain zuzen ere, DSS 2016ko hiriburutza kulturalaren haritik beste 3 ekitaldien jarraipena emanda. Gaur zortzi egindakoan, hiru izan ziren gogoratutako pertsonak: Jose Maria Elizegi “Mayi”, 1976an Donostian ETAk eraildakoa. Aiert Beobidek zuzendutako dantza saioa eskaini zioten. Gladys del Estal, bestela, Guardia Zibilak erail zuen 1979an Tuteran. Haren omenez, Koldo Almandozek zuzenduriko film laburra ikus-entzun genuen. Francisco Arratibel, azkenik, ETAk hil zuen Tolosako inauterietan 1997an. Juantxo Zeberiok zuzendu zuen haren omenezko pieza musikala. Mireia Galarza eta Isidoro Fernandez izan ziren haria josten batetik bestera ibili ziren aktoreak. Ekitaldi ederra, seme-alabekin konpartitzeko une hunkigarria.

Honekin oso lotuta, bereziki merezi duen testua publikatu zuen Pili Zabalak pasa den astean ere egunkarietan: “Sendabideak gure zauri kolektiboentzat”. Amu moduan lagatzen dizuet esaldi hau: “Indarkeriak kalte gehien egindako bost udalerrietan (Errenteria-Orereta, Arrasate-Mondragón, Elgoibar, Andoain eta Lasarte-Oria) akordioetara iritsi badira, Eusko Legebiltzarrean zergatik ez?”. Mikroan ahal da, baina makroan ezin.

Makroan, bitartean, posiblea izan da poliziaren abusuen biktimak aitortzeko legea aurrera ateratzea, hala Nafarroan nola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Istilu artean atera ere, epaibideetara eramateko mehatxuekin lubaki batetik. Azken finean, besteen existentzia ukatuta, besteen humanitatea eta zauriei bizkarra emanda. Diagnostikoa bera ere (poliziek eragindako torturak eta erailketak) ukatzen baduzu, hurrengo urratsa blokeatzen duzu, sendabidea alegia. Zarataren erdian, zorionez, Maria Jauregi eta Iñaki Garcia Arrizabalaga desmarkatu dira Twitterren. Eider Hurtado telebistan “360 Grados” saioan. Edo Edurne Portela “El País”-en (“La caricia y la bofetada”).

Twitterren ere, Aitor Merinok ahotsa altxatu du TVEri ausardia gehiago eskatuz. “El silencio de otros” dokumental saritua (Almudena Carracedo eta Robert Bahar) eskaini dute telebistan egun hauetan, baina “Asier eta biok” ezinbestekoak blokeatuta jarraitzen du. Besteen existentzia ukatuta.

Ukazio eta blokeo horiei buruz zerbait badaki Harkaitz Canok ere, “Fakirraren ahotsa” (Susa, 2018) eleberrian jasotakoa, Imanol Larzabalen bizitza errealaren minetatik abiatuta. Bernardo Atxagak ere blokeoa pairatu behar izan zuen bere garaian “Soinujolarearen semea” (Pamiela, 2003) liburu bikainarengatik, orain zinemara eramandakoa. 

Adiorik gabe, gero eta gutxiago geratzen da “Suminetik eta saminetik bakera”  Zarautzen aurkezteko.

“Errealitatea ezagutzeko, errealitatea kargutzeaz eta errealitatea kargatzeaz gain, errealitatearen kargu ere egin behar da”. Ignacio Ellacuria.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07