Amaren izena jarri zioten. Gabonetan aitak aitaginarreben mahaian urtero errepikatu legez «zure ama baino emakume kementsuagorik ez dago munduan» eta. Emozionalki ondo hezia eta indartsua da Elena. Sekula ito ez duten koherenteki eraikitako hamaika kontraesanetan igerian bizi da. Orain, ipurdia hotz eta hankak ditu zabalik. Aurrenekoz, bere barnean igerian ari dena ito nahi du. 35 urteko ikasketa prozesua bizi izanak, erabakia kolokan jarri du: «Nire edo gurea da momentua?».
Hamar urtez bidaide duen Imanol maite du; laguna, konplize pasionatua, familia. Nagore ere maite du. Zenbait ostiraletan elkarrekin afaltzen dutenean dituzten elkarrizketak. Gauak bat egiten dituenean. Larunbat arratsaldean Imanolekin etxera bueltatu, eta sentitzen duen pieza guztien ahokatzea maite du baita ere. Hausnarketa saio luzeak, lanaldiak, borrokak, sareak, harremanak. Intentsitatea frekuentzia berdinean mantenduko du. Isiluneak ez du etenik izango, momentuan aho itxita dagoen bezala. Lo.
Amak jakin zuenetik zalaparta eragin zuen etxean: «Ez diot zure aitari esango, guk konponduko dugu». Hogei urte zituen, idazkaritza ikasketak amaitu berri eta hartutako erabaki bat. Telefono dei batekin egin zuen amak hitzordua eta herriko aldapetan barrena bidali alaba. Atso batek zabaldu zizkion atea eta hankak. Gomak, gazak, metalezko tresnak eta plastikoa ipurdi azpian. Hankak itxi zituen. Indarra egin zuten; batak zabaltzeko, besteak ixteko.
Karrerako azkenengo urtean zegoen Javi. 80ko hamarkadako krisiaren zartakoak elkarrekin hartuko zituzten; borrokarik gabe, bizitzak ez du fruitu gozorik eskaintzen.
Etxeko giltzak sarreran askatu eta bere gelan sartu zen. Javi portalean zain. Lau jertse eta bi prakekin betetako poltsaren itxierarekin batera agertu zen ama. Atearen atalasean jarrita; oin bat familia argazkiz betetako korridorean, bestea etorkizunaren hazia gordetzen zuen gelan.
– Konpondu duzu, Elena?
– Bai.
Geuria.eus aldizkarirako idatzitako testua