blogak

Angelu itsua

Zuk diozu pirolisia, nik diot erraustegia

Zaldibarrera eramaten zituzten milaka tona hondakinentzako irtenbide bila dabiltza paper fabrikak (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Komunikazioaren munduan oso ezaguna da BBCren titular ironiko bat: You Say Tomato, I Say Bailout (Zuk diozu tomate, nik diot erreskate). 2021eko ekainean Luis de Guindos Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak eginahalak egin zituen prentsaurrean “erreskate” hitza ez erabiltzeko, eta bankuei emandako 100.000 milioi euroak “finantza babesa” zirela esan zuen. Errealitatea eufemismoekin ezkutatzen saiatzean, malo, sinesgarritasuna erabat kentzen dio adierazi nahi denari, kazetari britainiarrak agerian utzi bezala.

Bergaran paper lantegien hondakinak tratatzeko planta bat eraiki nahi dutela iragarri du Alacanteko Greene Waste to Energy S.L enpresak, Euskadiko Paperaren Klusterrak sustaturik. Paper industriako lohiak eta errefusa “termokonbertsio-prozesu jasangarri” baten bidez tratatuko dituztela esan du, zehazki, enpresa horretako ordezkariak Goiena aldizkarian. Pirolisi sistema erabiliko dutela ere esan dute, eta ekonomia zirkularrean sartzen dela, eta  “balorizazio materiala” erabiliko dutela…

Berria-k argitaratu duenez, urtean 155.000 tona paper hondakin kudeatuko dituzte Bergaran, eta paper fabrikek Zaldibarren uzten zituzten –eta zabortegia hondoratu zuten– milaka tonentzako “irtenbide” bat litzateke planta hori. Pirolisiarekin oxigenorik gabe hondakin organikoa kimikoki deskonposatu ostean,  “errekuntza” bidez tratatuko lituzkete hondakinak.

Zenbat hitz, atzean dagoen tomateari bere izenez ez deitzeko: Bergaran beste erraustegi bat jarri nahi dute. Hala dio behintzat Ekologistak Martxanek. Talde honetako kideek azaldu dutenez, pirolisi sistemak duen ezberdintasun bakarretakoa da ke gutxiago sortzen duela. Gainerakoan, ez ditu hondakinak ezabatuko, beste batzuk sortu baizik, tartean metal astunak, dioxinak eta furanoak, diote ekologistek. Zero Wastek, Gaia errausketaren aurkako munduko aliantzak edota Greenpeacek ere gauza bera diote: sistema pirolitikoa errausketaren hain antzekoa dela, ezen erraustegi dei diezaiokegula. Hortaz, zuk diozu pirolisia, nik diot…

The post Zuk diozu pirolisia, nik diot erraustegia appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07