blogak

Angelu itsua

Zugarramurditik Vall d’Aneura: zergatik izan ziren Pirinioak sorgin ehizaren epizentroa?

Esterri d’Aneu herria Kataluniako Pirinioetan. Sorginkeriaren kontrako lehen ordenantzak bertan idatzi ziren, katalanez.

Gaurko egunez, 1610eko azaroaren 7an, epaitu zituzten Logroñon Zugarramurdiko berrogei pertsona sorginkeria egotzita. Sorginen kontrako Europako lehen prozesu handiak Pirinioen magalean bizi ziren jendeak kolpatu zituen batez ere, berdin Nafarroan nola Katalunian. Herrialde hartan egindako ikerketa batek ondorio argigarriak dakartza: mendiaren eta landa gunearen arteko diferentziak, emakumeen kontrako misoginia eta bertako elite zibilek eragindako pertsekuzioa.

 

Kataluniako Aneu bailara Pirinioetako txoko ederrenetako bat izateaz gain, Europako sorgin ehizaren sehaska ere bada. Ez diogu guk, Pau Castell historialariak baizik. Bi urtez ikerketa talde baten koordinatzaile izan da eta haren ondorioak ezagutarazteko erakusketa ibiltaria antolatu dute azken bi urteetan, Esterri d’Àneu herrian hasi eta Tarregako museoan amaitu zen ekimena, azaroaren 4an. Aneu bailaran 1424an jadanik “sorginkeria delituen” kontrako ordenantzak idatzi ziren, katalanez.

Erronkari, Zaraitzu edo Aezkoako ibarrak ez dira Aneu baina itsusiagoak. Hemengo baso eta arroiletan barrena ere oso goiz ibili zen Avellaneda 1527an; Europako lehen sorginkeria auzi handienetakoa abiarazi zuen inkisidoreak.

Zergatik eman ziren mendikate horren pean hain goiz, hain gordin eta hain ugari sorginen kontrako prozesuak?  “Pirinioak izan ziren Europako sorgin ehizaren epizentro nagusienetakoa”, dio Castellek. Gakoetako bat mendiaren eta landa gunearen arteko dikotomian dagoela uste du ikerlariak. Esaterako, Aran bailaran, Alt Urgellen edo Andorran XV. eta XVII. mendeen artean ia hogei urtero halako ehizaldi bat hasten zuten. Aldiz, aberatsagoa zen landa gunean, izurriteekin lotzen ziren sorgin ehizak eta urriagoak ziren. Gainera, “ehiztari” gehienak landa gunekoak ziren, Cosme Soler kasu –hogei emakume urkatu zituzten haren erruz–.

Esterri d’Aneuko ekomuseoan bisita antzeztua.

Beste gako bat misoginia izan daiteke. Ez gara orain hasiko sorgin ehizaren eta emakumeen kontrako zapalkuntzaren inguruan hausnartzen, horretarako hobe Silvia Federici irakurtzea. Baina ikerketak ondorioztatu duenez, Katalunian sorginkeriagatik salatutako emakumeen portzentajea Europako beste tokietan baina handiagoa izan zen –%90 inguru–. Hala ere, Aragoin eta Nafarroan are gehiagotan pertsegitu eta zigortu zituzten emakumeak, beste lurraldeekin konparatuz gero.

Inkisidoreen papera arrazoi geopolitikoen bidez ere aztertu izan da: Gaztelako erreinuak erakunde hori erabili zuela disidentzia isilarazteko –Nafarroako konkistaren ondoren errepresioa ezartzeko, adibidez–. Baina Katalunian ikertu dutenez, sorgin ehiza lurralde auzitegiek bultzatu zuten batez ere, tokiko baroien eskutik: “Salbuespeneko prozedurak erabiltzen zituzten autoinkulpazioak lortu eta heriotza zigorrak justifikatzeko”. Jauntxoek eta herrietako eliteek auzotarren salaketak baliatzen zituzten zenbait jende zigortzeko.

Sorginkeria leporatutako emakumea torturatzen., Johann Jakob Wicken ‘Wickiana’ irudi bilduman, 1577an.

Salbuespen egoerak eta erbestea

Sorgin ehizari ekiteko, askotan jauntxoak desaforament edo foru-kentzea agintzen zuen, indarrean zegoen legea bertan behera utzi eta berme hori gabe “salbuespen egoera” hasten zen. Kasu horretan, nahikoa izaten zen emakume baten kontrako zantzu txiki bat edukitzea, tokiko auzitegiek sorginkeriagatik zigortzeko. Horrek ekarri zuen salbuespen egoeratan emakume askok erbestera joan behar izatea.

Ikerketa ez da harago joaten, baina ondorio logikoetako bat da sorgin ehiza zapalkuntza eta kontrol sozialerako erabili ohi zela: boteretik urrun zeuden lurralde “ahulenak” eta hango emakumeak izan ziren biktima nagusiak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07