blogak

Angelu itsua

Zer da CNA? Edesaren zartagina eskutik duen taldea

Edesa Industrialeko lantaldearen etorkizuna Luxenburgon finkaturik dagoen talde horren eskuetan dago. Baina ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, apenas daukagu daturik konglomeratu horren inguruan.

ELA eta LAB sindikatuek joan den ostiralean kontra-informe bat aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Lan sailean, 141 enplegu deuseztatzeko Edesa Industrialeko zuzendaritzak  irekitako espedientearen kontraesanak agerian uzteko.

Besteak beste, enpresa komitean gehiengoa duten sindikatuek diote CNA taldeak ez dituela datuak garbi ematen eta ez dakigula zehazki Fagor Etxetresna Elektrikoak zena erosi zuen konglomeratu horrek noraino egin diezaiokeen aurre kiebrari eta noraino ez.

CNA taldearen jatorrizko enpresa Cata da, 1947an Bartzelonan sortua Francisco eta Joan Casals anaiek. Azken urteetako joerari jarraiki nazioartean hedapen handia izan zuen enpresa “lokal” horrek eta Nodor eta Apelson erosi zituen. Hortik CNA Corporation, Luxenburgon inskribaturiko taldea –fiskalitate politika oso malgua duen herrialdea, bestalde–.  Egun 85 herrialdetan dago eta fabrikak ditu Katalunian, Txinan eta Brasilen.

CNAren Xiaolango (Guangdong, Txina) fabrika (arg: CNA)

2014an Edesa Industrial eta Geyser Gastechen jabe egin zenean 850 lanpostu zuzen hitz eman zituen CNAk lau urtez gutxienez, eta beste 1.200 zeharkako. Egun, oso bestelakoa da egoera, jakina denez.

Enpresa komiteak dioenez talde horren eta barnebiltzen dituen enpresen jabea bera da, egoitza komertzial bera dute eta marka berberak erabiltzen dituzte: Fagor eta Edesa  –Mondragon taldeak utzita–, Aspes, Nodor, Apelson eta Cata.

Gauza jakina da azkeneko honek, Catak, kontrolatzen duela taldea, Bartzelona barrualdeko Torellón –Vic hiritik gertu– duen egoitzaren bidez. ELAk eta LABek azaldu dutenez, zuzendaritzaren proposamena kontsultatzeko epea amaitu baina bi egun lehenago arte ez dute izan enpresa horren emaitza kontsolidatuen berri.

Osonatik Madrilera, Guangdongetik pasatuz

Catak 2016an 70,48 milioi euro fakturatu zituen, 2015ean bezalatsu, eta astelehenean jakin genuen bere egoitza soziala Madrilera aldatuko duela, Espainiako Gobernuak enpresei Kataluniatik “irteteko” emandako erraztasunen ondorioz. “Enpresaren segurtasun juridikoa indartu, bezeroen eta langileen interesak babestu eta eguneroko operatibotasuna bermatzeko” hartu omen du erabakia.

Korporazioak ordea Luxenburgo jarraitzen du izena emanda eta langileek Torellón, Xiao Lanen, São Paulon eta oraingoz Basaurin. Hori da CNA, hori da Cata.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07