blogak

Angelu itsua

Zatiketa? Ez, iritzi pluraltasuna da!

Astelehenean Bilboko Udaletxe aurrrean pentsiodunek egindako elkarretaratzea (arg: Miguel)

Osteguneko greba orokorraren bezperetan, berriz indar erakustaldi handia egin dute pentsiodunek Euskal Herriko kaleetan. Astelehenero legez, duela bi urtetik hona egin bezala, kontzentrazio eta manifestazioen bidez eskatu dituzte pentsio publiko duinak.

Gasteizen zientoka lagunek hartu dute parte manifestazioan, Alea-ren bideo honetan ikus daitekeen bezala. Baina beste toki askotan ere elkarretaratu dira: Laudio, Ortuellan, Irunen, Donostian, Bilbon…

Bizkaiko hiriburuan argazki indartsua eskaini dute beste behin, seguruenik aurreko astelehenetan baina jendetsuagoa. Ez dirudi beraz mugimenduan U30rekin izan omen den “zatiketak” desmobilizazioa ekarri duenik, ustezko zatiketa hori iritzi pluraltasuna baino ez den seinale.

Pentsiodunen ustez, Sánchezen koalizio gobernuak onarturiko neurriak –pentsioak %0,9 igotzea– oso urrun daude euren eskaeretatik eta “arrazoiak eta aldarrikapenak duela  bi urteko berak dira”, azaldu du Yolanda Uña bozeramaileak.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa dute ortzi-muga nagusi, eta Jon Fano Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko dinamizatzaile ezagunak Berria-ri asteburuan esan bezala, euren “duintasuna azaleratzeko” ari dira mobilizatzen. Fanok gogorarazi du, gutxieneko pentsioaz gain, Gizarte Segurantzara dirua bideratzeko moduak ere eskatzen ari direla; datozen belaunaldiekiko solidaritatez jokatu izan du mugimenduak.

Gobernuaren azkeneko igoera pitar horrek 1.405 milioi euro gehiago bideratzea ekarriko du. Orduan, nola bermatu etorkizuneko pentsio publiko duinak? Gizartea zahartzen ari denez, sistema ez omen da jasangarria eta guraizeak sartu beharko zaizkio. Hori da patronalaren eta bestelako organismo neoliberalen gezur handiena. Beste aukera asko baitaude.

Urtarrileko Alternativas Económicas aldizkarian zerrendatu dituzte batzuk: laguntza prestazioak aurrekontu orokorretara eraman, Estatuak Gizarte Segurantzari egiten dizkion ekarpenak gehitu presio fiskal justuago baten bidez, kotizazio oinarrien mugak kendu, eta enpresentzako kenkari eta hobari batzuk ezabatu. Eta batez ere, soldatak eta kotizazioak igo. Lan duina.

Hau da, pentsio duinak lan duinaren eskutik ere etorriko dira. Horregatik da guztiz pertinentea pentsiodunek ere greba orokor honekin bat egitea. Greba tranbertsala.

Urtarrilaren 30eko deialdia erdeinuz hartu duten alderdi eta politikariek kontu gehiagorekin hitz egin beharko lukete, baita zatiketa hitza interes konkretu batzuekin erabiltzen dutenek ere, atzean mugimendu askoren sentimenduak baitaude borborka. Nahikoa izan ohi da mezu bat edo zoritxarreko gutun bat –bere garaian Fatima Bañez ministro ohiak “pentsionista estimatuari” bidalitakoa bezalakoa, soilik %0,25eko igoera iragarriz–, heltzeak leher egin dezan.

Asteazkenean heltze horiek astinduko dituzte pentsiodunek, gaueko 21:00etatik 21:15 bitarte egingo duten kazeroladan. Eta greba egunean goiz eta arratsaldeko manifestazioan parte hartuko dute.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07