blogak

Angelu itsua

Zamorakoen borroka gogoan

Kartzelarekin berriz egin dute talka abade ohiek dokumentala filmatzerakoan.

Duela 50 urte lehen euskal abadeak sartu zituzten Zamorako apaiz-kartzelan, frankismoaren errepresioa salatzeagatik. Apaiz kartzela filmak historia hura gogoratu eta belaunaldi berriei helarazi nahi die.

 

“Kartzela tapiatu bat, ezin dena barrura sartu”, horixe aurkitu dute Apaiz kartzela dokumentalaren egileek Zamoran, Oier Arantzabalen arabera. Oroimen historikoa martxan jartzen duen ahanztura-makinaren metafora bat dirudike. Baina oztopo burokratikoak gainditu eta hormak berriz gurutzatu ahal izan dituzte historia honen protagonistek, duela mende erdi preso izan ziren euskal abadeek. Bisita horrek berebiziko garrantzia dauka dokumentalean, kartzela subjektu gisa aurkezteraino.

Oier Arantzabalek, David Palleresek eta Ritxi Lizartzak zuzenduta, abenduaren 7an aurkeztu zuten Durangon filmaren aurrerapen bat eta urtarrilean soinua eta posprodukzioa amaituta izatea espero dute. Ondoren zinemaldietatik igaro eta udazkenean estreinatzea da asmoa.

Durangoko work in progress-ak balio izan die jendearekiko feedbacka jasotzeko eta abadeei aitorpena egiteko. “Memoria gordetzeko baino, belaunaldi berriei transmititzeko balio izan digu”, dio Lizartzak. Hori baita dokumentalaren helburuetako bat, memoria ariketa gaur egunetik egitea eta “jazartuak izan ziren abade horiei, oraindik egin ez zaien justizia egiten hastea”; erlojuaren kontrako lasterketa bat ere bada, gizon horien adina ikusita. Zentzu horretan, egileek uste dute aurrerapenaren aurkezpenetik “pozik” atera zirela ikusle zein protagonistak, filmak lagunduko duelakoan historia horren ezagutzaren zirkulua handitzen.

Zamorako apaiz-kartzela 1968an zabaldu zuten, Francoren erregimenaren eta Elizaren arteko konkordatuaren bidez, eta 1976 arte dozenaka abade sartu zituzten bertan, gehienak euskaldunak, baina baita katalanak eta Espainiako Estatuko beste toki batzuetakoak ere. Ordura arte abadeek euren kondenak komentutan bete behar izaten zituzten, Alberto Gabikagogeaskoari 1964an gertatu bezala. Hala, aparatu frankistak abade horiekiko errepresioa gogortzea deliberatu zuen, kartzela berezi –baina ez besteak baina bigunago– bat sortuz, Elizako hierarkiaren baimen osoz.

Zergatik euskal apaizekiko setakeria hori? Galdera horren erantzunean dago honen guztiaren giltza. 1960ko hamarkada amaieran frankismoa bere aurpegi ilunena erakusten hasita zegoen euskal disidentziaren kontra, Aberri Egunak erreprimituz, atxilotze masiboak eginez, eta batez ere, bere arma boteretsuena erabiliz: tortura.

Torturak frankismotik hona izan duen eragina eta sortu duen paralisia orain hasi gara ulertzen. Baina 1969an abadeek jadanik bazekiten borrokatu beharreko krudelkeria handi baten aurrean zeudela. Eurek aldarrikatzen zuten eliza pobre, autoktono eta Euskal Herri askean ez zen halakorik kabitzen –ez alferrik eman zioten eskura Aita Santuari torturen inguruko lehen txostena izan daitekeena–.

Frankismoaren kontra egiteko zirrikitu bakarretakoa ziren eliz erakundeak: “Abadetza tresna bat zen guretzat” esan zigun Xabier Amurizak. Sotanaren inpunitatea baliatu zuten euren borrokarako, sermoi kritikoak emanez, itxialdiak eginez eta seminarioak okupatuz. Haatik, gogor ordaindu zuten.

Zamorako kartzelan gosea eta hotza pasa zuten. Ihes egiten saiatu ziren eta orain arte oso ezezaguna zitzaigun mutin bat ere jazo zen, sute eta guzti. Gertaera horren inguruko irudiak (ikus behekoa) eskaintzen ditu dokumentalak esklusiban, Europako artxiboetan bila aritu ondoren. Lizartzaren arabera, “prozesua luzea izanak on egin dio dokumentalari, bestela seguruenik topatuko ez genukeen material asko aurkitu baitugu”.

Gaur egungo aktualitateko irudiak, orduko audioak, ilustrazio landuak… Arnas luzea izan dezakeen lan baten aurrean gaude. Alberto Gabika, Josu Naberan, Xabier Amuriza, Juan Mari Zulaika, Periko Solabarria, Periko Berrioategortua, Julen Kalzada, Martin Orbe, Mariano Gamo eta kartzelan izandako beste hainbat apaizen testigantzak jasotzen ditu filmak, baita Juan Mari Arregirenak ere. Horrez gain funtzionarioen, kazetarien eta elizaren ordezkarien hitzak ere badakartza.

Apaiz kartzela-n, abade ohiek berriz egiten dute talka espetxeko hormekin. Baina hor barruan bizi izan zutena ez ezik, hor barrura zergatik sartu zituzten da gogoratu eta eskertu behar dieguna.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07