blogak

Angelu itsua

Zaintzen Euskal Sistema Publiko bat

(Argazkia: Idoia Telleria Maritxalar / Laia)

Askotan esan dugu: pandemia honek zaintza erdigunean jarri  eta egiatan gure bizitzentzat duen garrantzia azalerazi du. Baina aldi berean, honen beharra biderkatzeak ekarri du berriz ere eremu pribatu eta merkantilistatik bideratzea askotan zaintzaren zerbitzuak, gehienetan emakume migratu eta arrazializatuen bizkar, egoera oso prekarioan.

Zaintza zentzu osoan hartu behar da, alderdi fisikotik zein emozionaletik. BDS Koop-ek argitaratzen duen Laia aldizkarian –Bidasoaldeko gure ARGIA jendeak jaso du astekariarekin batera– Mikel Valerok idatzi du gai horren inguruan: “Tamaina batean edo bestean eta elkar-menpekoak garen heinean, denok eduki beharko genuke zaintza lanak egiteko ardura”, dio.

Baina ardura hori prekarizaturik eta lan-baldintza kaskarretan ari direnen gain uzten dugu gehienetan, ez soilik etxean, baita lantokietan eta eskoletan ere. Hor dira, adibidez, gurasook azpikontratatzen ditugun jangela zerbitzuak; langile begiraleek denbora asko daramate euren lan baldintzak duintzeko borrokan.

Elkarretaratzea Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolan (arg.: ‘Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza’)

BDS eraldaketa fabrikakoek garbi dute Zaintzen Euskal Sistema Publikoa sortu behar dela, “batetik zaintzarako eskubidea orokortuko duena, eta bestetik, zaintzaren sektorean diharduten langileen lan-baldintzak erregularizatu eta duinduko dituena”. Sistema publiko horrek hiru hanka lituzke, erakunde publikoek, komunitateak, eta zaintzaileen enpresa kooperatiboek oinarrituta.

Zaintzaren arloan urratsak ematen ari diren hainbat proiektu eta adibide dakartza Laia-k. Hain justu, horietako baten esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen Beterri Saretuz programaren baitan Astigarragan egindako saio batean: Maitelan kooperatibarena.

Proiektua aspaldikoa zen arren, 2020an eman diote forma, kooperatiba “integrala” izenpean: langileak (zaintzaileak), erabiltzaileak (zainduak) eta kolaboratzaileak (pertsona, eragile eta erakunde erantzuleak) hartzen ditu. Zaintzaren ardura kolektibizatzea da helburua eta 2021eko otsail amaieran aurkeztu dute ofizialki Hernanin.

Elisa Peredo Quiroz Maitelaneko langile-bazkidearen lekukotasuna jasotzeko aukera izan dugu. “Gure lanaren jabe izateko aukera bakarra hau zen”, azaldu du Beterri Saretuz-eko kideekin egindako elkarrizketa batean. “Proiektua sortu zen gure egoera prekarioa hobetzeko beharretik abiatuta. Hasieran ezkutuan aritzen ginen lanean, eta kontratu bat egiteko erregutu behar izaten genuen, baina denbora aurrera joan ahala berdin segitzen genuen, nahiz eta paperak eduki, prekarioan”.

Elisa Peredo Quiroz Maitelaneko kooperatibista, elkarrizketaren une batean (Irudia: Bira Produkzioak / Beterri Saretuz)

Etxeetan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetan gauza bera aurkitu dute: “Antolakuntza kaskarra da, askotan ez dizu denbora ematen etxe batetik bestera joateko, autobusa ez da iristen, estresa handia da. Gainera, ez dugu baliabiderik zaintzen dugun pertsona hori mugitzeko, gure gorputzak behartu eta lesionatzen ditugu. Baina inork ez daki hori”. Egoera hori hobetzeko sortu da Maitelan, “erabakitzeko eta antolatzeko gaitasuna izateko”.

Baina horretarako bakarrik ez, baita euren zereginari balioa emateko ere. Lan ikusezina da etxeko zaintzaileena, fisiko hutsetik harago, arreta ematen dioten pertsona horren osasun emozionala ere zaindu behar dute: “Ez da nahikoa jaten ematea edo botikak ematea; behar dituzte beste gauza batzuk. Adibidez, ez gara jabetzen adineko batentzat zein garrantzitsua den ondo orrazturik egotea; ile-apaintzaile onak izaten ikasi behar dugu – dio Peredok–. Psikologikoki ere inteligenteak izan behar dugu: adinekoa bere gaitasunak galdu ahala asko zapuzten da, eta guk, gure hitz eta jarrerekin lagundu behar diegu, galera hori hobeto eraman dezaten”.

Urrats garrantzitsua da Maitelan egiten ari dena. Baina Beterri Saretuz-eko hitzartzeetan garbi geratu zen oraindik askoz gehiago egin behar dela zaintza duintzeko, balizko sistema publiko horrek beste bi hankak ere behar baititu: erakunde publikoen inplikazioa eta komunitate sareak aktibatzea. Hori egin ezean, jarraituko dugu egiturazkoa den beharrizan horri adabakiekin erantzuten, eta merkatuaren edo enpresetako kontziliazio borondatearen menpe egoten.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07