blogak

Angelu itsua

Urriaren 12an jai? Frankismoko esklaboen barrakoiak garbitzeko auzolana Lezon

Jaizkibelgo errepidea egiten ibili ziren gerraosteko trabajadoreen barrakoiak txukuntzen segituko dute Lezoko elkarte memorialista nahiz ekologistek “hispanitatearen” egunean.

 

Egunero lanera, eskolara edo mendira joateko erabiltzen ditugun bide eta etorbideetako askoren asfalto azpian frankismoko preso errepublikarren izerdi eta odola dago. Horietako bat da Lezotik Hondarribira doan GI-3440 errepidea, erregimenak nahieran eta modu gupidagabean erabilitako  zientoka esklabok egina.

Errepidea egiten jardun zutenek lo egiteko erabilitako barrakoiak sasitzatik eta ahanzturatik berreskuratzen ari dira herri hartan azken urteetan, eta urriaren 12an –baita urriaren 20an ere–, jai egin beharrean auzolana antolatu dute, Piztu Lezok, Lezoko Ekoloji Taldeak eta Etxetxo memoria historikoaren taldeak.

9:30etan egin dute hitzordua Tiñelu inguruan eta handik Iparragirre aldera joango dira, “Memoriaren Basoa” dagoen tokira. Eremu horretan sasia garbitu dute frankismo garaiko aztarnak agerian uzteko eta ehunka zuhaitz ere aldatu dituzte.

Etxetxo elkartea gerraosteko langile horien historiaren peskizan dabil, eta zerrenda ofizialen faltan, lekukotzen bidez lorturiko informaziotik uste du gutxienez 900 lagunen derrigorrezko eskulana erabili zutela, besteak beste Errotetatik Guadalupeko Santutegirako errepidea eta Gaintxurizketako “Vallespin” lerro-gotorreko bunkerrak eraikitzeko.

Zigortuak ilunpetik argitara (Lezoko Udala, 2008) liburuan ageri denez, Espainiako Estatuko eta atzerriko hainbat txokotako jendearekin osatutako lau batailoi aritu ziren zigorpeko lanak egiten. Batzuk gerrako presoak ziren –asko asturiarrak edo ezkertiar ezagunak, Macelino Camacho sindikalista adibidez–, bestetzuk herritar desafecto-ak, denak esklaboak.

Jaizkibelgo errepide ondoko barrakoietan edukitzen zituzten pilatuta, 120 eta 65 metro luze duten eraikin banatan, eta sukaldetarako erabiltzen ziren eraikin txikiagoak ere bazeuden. Hainbeste presoren joan etorriak halabeharrez sortu zuen lezoarren eta trabajadoreak deiturikoen arteko harremana; herriko emakumeek zenbaitetan arropak garbitzen zizkieten nolabait laguntzeko.

Nolanahi ere, pertsona horiek zein baldintzatan zeuden imajinatzeko, nahikoa da jakitea haietako batzuk kanpamenduan bertan fusilatuak izan zirela. “Bada garaia sufritu zuten zigor injustua aitortzeko”, azaldu izan dute Etxetxotik. Duela bi urte omenaldi berezia egin zieten Lezoko plazan udalaren laguntzarekin.

Gaur egun, barrakoien harrizko hormak baizik ez dira gelditzen erdi erorian –gerora beste erabilera batzuk izan baitzituzten, tartean ejertzitorako kuartel gisa–, baina aiurri horiek garbi nahi dituzte, memoria bizirik mantentzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07