blogak

Angelu itsua

Txoriak etxetik behatuz, ikasi munduan bizitzen

Txolarrea edo artatxoria ere gero eta urriago bihurtu da azken urteetan. Itxialdiak aukera emango digu beti ondoan izan dugun bizilagun hori ezagutzeko.

Hiri eta herri guneetan, autoen burrunba askoz eramangarriagoa da sikiera, pandemiaren ondorioz larrialdi egoera ezarri zenetik. Zirkulazioa gutxitzeak, lehendik gurekin bizi ziren baina antzematen ez genituen animalia askoren hotsak entzun ahal izatea ekarri du. Etxeko balkoitik txori behaketa egitea zabaldu da entretenimendu gisara, baina aisialdi hutsa baino askoz gehiago da: naturako gure baliokideak kontenplatuz ikas dezakegu munduan bizitzen.

 

Prismatikoak ez dira soilik auzokideak zelatatzeko erabiltzen egunotan, konfinamendua errespetatzen ote duten edo ez. Inguruko txorien behaketa ariketa osasuntsua bilakatu da askorentzat, batez ere etxean 24 orduz derrigorrez entzerratuta egon behar duten haurrentzat, larrialdi egoeraren zentzurik gabeko aginduen biktima nagusiak.

Hirietako trafikoa arinduta, txorien kantua berriz itzuli da gure eguneroko bizitzara, izan txolarre, zozo, tortola, buztanikara edo karnaba. Adi jarriz gero, alaituko dizkigute goizak eta ikusmira, eta hori bakarrik ez, bizi ditugun ziurgabetasun garai hauek hobeto ulertzen ere lagunduko digute. Izan ere, nork esan du animalien kontenplazioa garrantzirik gabeko denbora pasa besterik ez dela?

Haien jokabideak aztertuta, gure burua ere ari gara deskribatzen, gure ispilu baitira. John Berger filosofoak teorizatu du ondoen gizakien eta animalien arteko begiradak duen sakoneko esanahia. “Euren bizitza gurearen desberdina baina antzekoa izanik, lehen galderak sorrarazi zizkiguten, baita lehen erantzunak eman ere”. Naturarekin behinola galdu genuen harremana istant batean berreskuratu dezakegu inguruko izakiei erreparatuz. Hizkuntzen jatorria bera ere, animaliekin zerikusia duten metaforetan dagoela esan zuen Rousseauk! “Zergatik gizona (sic) baizik ez dago ergela izatera lotuta?”, idatzi zuen egoera primitibora itzultzearen inguruan.

Sorbeltzak udara iragartzen digu, baina aurtengo negu epelak aurreratu egin du bere itzulera eta jadanik Andaluzian omen dago. Etxetik ikusi behar izango ote dugu?

Agian ez gara konturatu, baina udaberria iritsi da, denbora ez da gelditu. Laster paseko milaka hegazti igaroko dira gure zeruetatik, eta zorte pixka batekin agian oraindik ikus dezakegu kurrilo taldetxoren bat, iparraldeko bidea berandu hartuta. Geroago etorriko dira enarak eta sorbeltzak… etxetik entzun behar izango ote ditugu horien txirrio alaiak ere? Batek daki.

Madrilen Aver aves ekimenak baliatu du itxialdi kolektibo hau kanpaina bat abiatzeko eta herritarrek etxetik ikusten dituzten txorien berri sareetan zabaltzeko #AvesDesdeCasa traolarekin (txoriak etxetik). Zientoka ari dira parte-hartzen:

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07