blogak

Angelu itsua

Turismoaren beste balantze bat

(Argazkia: Eusko Jaurlaritza / Irekia)

Apartamentu turistikoetako egonaldiek %27 egin dute gora Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aurtengo uztailean, iazkoarekin konparatuta. Eustat-ek egindako azken “turismo-balantzearen” arabera, orotara 355.930 sarrera erregistratu dira lurraldeotako hotel, ostatu eta landa-etxeetan. Gurera etortzen diren turisten motibazio eta diru-ekarpenen berri ere badakigu Eusko Jaurlaritzaren Ibiltour ikerketari esker: pertsonako eta eguneko 104 euroko gastua egiten dute aisialdira datozenek.

“Kalitatezko” turismo ereduaz hitz egiten da maiz, baina hori neurtzeko gaualdi kopuruak edo sosak edukitzen dira kontuan. Balantzean ez dira beste adierazle batzuk sartzen, turistifikazioaren ondorioz gertatzen direnak: espazio publikoa kontsumorako mugatzea, higiezinen espekulazioa, lan-prekarietatea… Adibidez, LABek salatu berri du Donostiako autobus turistikoko langileen egoera jasangaitza dela, behin behineko kontratu eta etengabeko ordu aldaketekin.

Eta ingurumena zer? Zein da turismo masiboaren aztarna ekologikoa? Alternativas Económicas aldizkariak azaldu digunez, NBEren arabera turismoa da munduan isurtzen diren negutegi-efektuko gasen %12,5aren erantzule. Bocaray paradisuko irlara sartzea debekatu egin du Filipinetako Gobernuak, hango itsas bazterrak kutsatuta daudelako urtero bi milioi turista jasotzeagatik; Bartzelonara iristen diren kruzeroen fuel-oilak eragindako kalteaz ere ohartarazi digute… Noiz arte ikusiko ditugu Algorri edo Sakonetako flyschak osorik?

Badaude masa turismoari aurre egin dioten lurraldeak. Korsikan, adibidez, pentsaezina litzateke Scandolako natur erreserban Guggenheim bat planteatzea edo Bonifaciu hirira sartzeko metro pasantea eraikitzea. Korsikar abertzaletasunean txertaturik dago natur ondarearen defentsa –FLNC-k askotan eraso zituen higiezinekin negozioa egin nahi zuten atzerritarren ondasunak–; horri esker iraun du beren kostaldeak hormigoizko marrazoen mehatxutik salbu.

Donostiako Kontxa jende lepo (ezkerrean) eta behiak Korsikako Prupia ondoan dagoen Portigliolo hondartza ezagunean (eskuinean).

Inork esan dezake hortik datorkiela korsikarrei atzerapen ekonomikoa. Aldiz, beraiek diote frantziar gobernuak baztertu egin dituela eta horregatik eskatzen dute eskumen gehiago, “batez ere fiskalitatean, tresna giltzarria higiezinen espekulazioari aurre egiteko”, azaldu du Gilles Simeoni Pè a Corsica-ko buruzagiak Gara-n.

Bitxia da, hemen badugu zerga-ahalmena, baina espekulazioari aurre egin ordez, desarautze neoliberalena defendatzen duen apartamentu turistikoen Aparture patronala saritzen dugu, Gipuzkoako Aldundiak egin bezala, “turismo ereduan berrikuntzari eskaintzen dion balioagatik”. Ez, Portiglioloko hondartzak ez du zerikusirik gure Kontxa saturatuarekin.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07