blogak

Angelu itsua

Tortura, ezkutuko krimena?

ETB2k Torturas, el crimen mejor escondido dokumentala eman zuen igande gauez 360 grados saioan, eta askori oraindik hotzikara ez zaio gorputzetik joan han entzundakoengatik. Emankizunak momentu batzuetan hartzen duen estilo sentsazionalistaz edo dituen hutsune larriez –batez ere Ertzaintzak egindako torturez ari denean– hitz egin dezakegu. Baina torturaren drama islatzea lortu duela zalantzarik ez da.

“Labezomorroa zapaltzean entzuten den ‘krak’ bera sentitu nuen nire barnean”, dio Enkarni Blancok, Guardia Zibilak 1992an torturatua. Polizia-etxean nola bortxatu zuten pertsona batek detailez osoz telebista publikoan kontatzea ere ez da ohikoa, Suitzatik Nekane Txapartegik egin bezala (irudian, ezkerrean).

Baina ezin gaitezke orain harritu. Torturatzaileen inpunitatearen atzean ez dago ezjakintasunik. Txapartegiren testigantza aspaldi ezagutzen dugu, beste zientoka atxilotuena moduan. Nork ez du ikusi Unai Romanoren aurpegi ubeldua? Atzerago, 1976an, astekari honek munduari lehen aldiz torturen aztarnak bistarazi zizkion Anparo Arangoaren argazkiekin.

Nazioartean azken 50 urtetan jakin dute hemengo torturen berri. 1969an, Josu Barandika abade exiliatuak Paulo VI. Aita Santuari Genevan eskura eman zion “Euskal Herriko errepresioaren txostena”, poliziaren torturen marrazkiekin eta guzti. Je verrai esan zion honek birritan, ezustekoa pasa eta gero. Hortik denbora batera, Nigeria eta Vietnamen pare jarri zuen Espainia Aita Santuak, bere kardinalen aurrean.

Tamalez, Martin Villaren garaiko argudioek egun jarraitzen dute gertaturikoa minimizatzen eta zuritzen: bateko ustezko salaketa faltsuak, besteko erroreak… ETB2ko dokumentalean, Carmen Solano UCDko diputatu ohiak dio ETAren atentatuen aurrean atxilotu bati egin ziezaioketen gutxienekoa zela torturatzea, guardia zibilen ustez.

Ezkutuko krimen izateagatik baino, euskal gatazkaren testuinguruan jaso duen babes politikoagatik iraun du torturak modu sistematikoan. Estatuko aparatuek urteotan praktika hori erabili dute jendartean terrorea zabaltzeko, helburu estrategikoekin. Berdin komando bateko liberatuari, nola egunkari bateko kideei edo gazte erakunde batean zegoenari. Oinarri politiko hori kontuan eduki gabe nekez lortuko dugu –malko hutsetatik harago– torturatuentzako egiazko aitortza eta erreparaziorik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07