blogak

Angelu itsua

Setien, 1972

90 urterekin hil da Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua. Atzo bertan egin zioten hileta elizkizuna Artzain Onaren katedralean, jendez lepo. Dagoeneko argitaratu dira klase guztietako hil-ohar eta iritziak, 1979an Donostiako gotzain izendatu zutenetik hainbat hamarkadatan euskal Elizan eta politikagintzan zeresana eman duen pertsona funtsezko honen inguruan.

Hernanin jaioa, gaztaroan mutil “normal bat” zela aitortu zion Urumeako Kronika-ri bere azkenetako elkarrizketa batean. Ezkiaga pasealekuko frontoi zaharrean pilota-jokoan pasatzen omen zituen gerraosteko urte gogor haiek. Mutil normala bai, baina aita arkitektoak herri erdian eraikitako neo-euskaldun estiloko etxetik irten eta ikasketak egiteko aukera izan zuen, beste askok ez bezala.

Gero Gasteizera, seminariora, eta 1951n apaiztu zen. Seguruenik bere karrera eklesiastikoan jauzirik garrantzitsuenetakoa 1972an eman zuen ordea, Donostiako gotzain laguntzaile izendatu zutenean.

Hain justu, Zeruko ARGIArekin elkarrizketa izan zuen urte hartan, Errialde ezizenez sinatzen zuen Mikel Atxagaren eskutik. Galdera-erantzunek frankismoaren azken atzaparkaden zentsura usaina dute –Setienek euskal gatazkaren inguruan adierazpen gordinak egingo zituen gerora–, baina balio lezakete gotzainak Euskal Herriaz eta Elizaren eginkizunaz zituen lehen ideia kritikoak antzemateko:

Gizartearen arazoei irekita egon ezean, Eliza “huts eta loarrazle” zela zioen. Ezin ahaztu behar da 70eko hamarkadako hastapen hartan Elizak oraindik zuen pisua jendartean, seminarioak apaizgaiez gainezka zeuden eta frankismoa ezbaian jartzeko abiapuntu izan ziren gainera.

Egiaren mirabe

“Hizkuntza ez da burutapen eta sentipenen tresna hutsa, horiek taxutu ere egiten ditu nolabait –erantzuten du Setienek elkarrizketatzaileak bere euskara mailaren inguruan itauntzean–. Horregatik daude biak, kultura eta hizkuntza, hain estu loturik. (…) Ez nau hizkuntzaren ederrak edo euskara ondo baino hobeto hitz egiteak aztoratzen. Herriaren herrikerak eta kultura aurkitzeak kezkatzen nau”. Horregatik omen zen kristau fededun, bere hitzetan.

Amaitzeko, astekari honi eskatzen dio heldu diezaiela arazoei, ez ditzala ezkutatu eta izan dadila “egiaren mirabe”.

ARGIAren 1972ko ale hartan Setienen argazki bakarra publikatu zen, serio baina irribarretsu. Sail bereko beste hiru argazki topatu ditugu argazki artxibo zaharrean sinadurarik gabe –atzealdean aldizkaria inprimatzen zen Iruñeko Gráficas Navasal-en erreferentzia soilik–.  Argitaragabe geratu ziren irudi horietan ikus dezakegu gotzaina jarrera lasaiagoan, zigarroa errez eta solasean. Zein ote egiazkoagoa?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07