blogak

Angelu itsua

Oroimena duten etxeak: konfinamendua, pareta-zulo ezkutuak eta paper zaharrak Izaban

Izabako kale et eraikinak (arg. Hilobi / Flickr CC)

Oroimena berreskuratu eta gordetzeko ekimena abiatu du Izabako Kurruskla elkarteak. Etxeetan mende askotan ezkutatuta egon izan diren paperak astindu dituzte bizilagunek, herriko ondare dokumental eta grafikoa aberastu asmoz.

 

Erronkariko ibarrera salto egiteko aukera duenak eta hango herrietan barrena paseatu, berehala konturatuko da etxeei historia dariela paretetatik. Izaban, eraikin bakoitzak badu bere izena, erronkarieraren eta iraganaren erakusgarri, horietako gehienak Erronkaribarko Etxeak liburu erraldoian jasota daude, 2018an argitaratua: Txarrantxulo, Bormapea, Andresalgarra, Garxo, Beltxa, Gorria, Katalingarde…  Beste herri askotan gertatzen den bezala, hemen ere ez dira etxe izen soilak, familiak ezagutu eta herriko bizimodu eta harreman sozialerako kode gisa mantendu izan dira gaur arte.

Etxe horiek, izena ez ezik izana ere badute, historia sakonekoa baita antzinako erreinuetatik eta oraingo merkataritza-guneetatik urrun geratzen den ibar hau. Iragan hori berreskuratzeko aukera ikusi du Kurruskla elkarteak konfinamendu betean, eta barrunbeetan dauden paper zaharrak nahiz historiak astintzeko eskatu die herritarrei, Mendixut aldizkarian Fernando Hualde ikerlariak azaldu digunez.

“Norbere etxeko oroimenaren aurrean jartzea nahi dute –dio Hualdek–, ez soilik etxe bakoitza gai izateko bere historia berregin eta gordetzeko, baizik eta herriak berak, udal agiritegian gorde dezan etxeen historia hori”.

Azaldu dutenez, arraroa da “bere paperak” ez dituen etxerik Izaban. Hor daude, askotan ezkutuan. Zeren eta iraganean, etxeen oroimena salbatzea –barrutik egurrezkoak diren eraikinotan kriseiluetako suak dena kiskali zezakeen– funtsezkoa zen; dokumentuak ziren garrantzitsuena aurrera egin ahal izateko.

Erronkariko ibarreko arkitektura zibila berezia da oso: teilatu makurrak, arku-gotiko ederretako atariak, egurrezko balkoiak, tximinia borobil ikusgarriak… eta harrizko horma sendoak. Pareta horien loditasuna aprobetxatzen zuten sarritan, haietan zuloak egin eta egurrezko kutxatxo luzeetan paperezko altxor preziatuak gordetzeko.  Ez dira gutxi, gaur egun obrak egiten hasi eta sorpresa aurkitu dutenak.

Kurrusklak galdetegiak pasa dizkie e-postaz bizilagunei, has daitezen dokumentu horietan begiratzen eta etxekoei galdezka, Covid-19aren itxialdiak eta ibarreko isiltasunak ematen dien patxadaz, familiaren dekonstrukzioa egiteko. Puzzle horren pieza bakoitzak merezi baitu tokitxo bat herri oroimenean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07