blogak

Angelu itsua

Nork sortu zuen Anai Artea

Piarres Lazarbal, Teleforo Monzon eta beste hainbat ordezkari Burgoseko prozesuaren testuinguruan prentsaurrekoa ematen.

Euskal errefuxiatuei laguntzeko 1960ko hamarkada amaieran sorturiko Anai Artea elkartearen historia laburbiltzen duen liburua argitaratu du Elkarrek. Txomin Hiriart-Urrutyk egindako ikerketa da eta Joseba Sarrionaindiaren sar hitza ere badu. Elkarteak ehunka iheslari artatu zituen frankismorik okerrenean, harrapatuak eta torturatuak izateko beldurrez Hegoaldetik Iparraldera edo “bestaldera” igaro zirenak, Sarrionaindiak dioen moduan. Gure historia hurbileko ekimen solidario garrantzitsuenetako baten berri ematea ezinbestekoa zaigu, oroimen historikoa berreskuratu nahi badugu, eta Hiriart-Urrutyri sumatzen zaio ahalegin hori, datuak eta informazio esanguratsuak emanez.

Baina, liburuaren harira Juan Mari Arregik, urte haietan ere bestaldean errefuxiaturik egon zenak, kritika zorrotza egin du Anai Artea elkartearen sorreraren inguruan orain arte “ezker abertzaleko historialari ofizialek” eman izan duten bertsioaz, eta gezurtatu egin du elkartea Telesforo Monzon eta Piarres Larzabalek sortu zutenik: “Ez da egia. Egia dena da bere presidente eta idazkari izatea onartu zutela”. Arregik proposatu zien hori, errefuxiatuei laguntzeko Donibane Lohizune inguruan sorturik zuten sarea ofizializatu eta Anai Artea izena jarri zienean.

ANAI ARTEA - Fotos - Auñamendi Eusko EntziklopediaAbade, errefuxiatu ohi eta kazetariak hainbat mediotan publikatu du bere kontakizuna asteotan, baina ARGIAn aspaldi eman zuen historia horren berri, esku artean oraindik argitaragabe duen liburuaren zatiarekin batera, Artekaletik Burgosera, 1969: Frankismoaren amaieraren hasiera erreportajean. Bertan dio Amadeo Rementeria erbesteratu eta burkidearekin batera etxe bat alokatu zutela errefuxiatuei laguntzeko, peoi edo arrantzale lanetan ateratako diruarekin ordaindua, besteak beste. Sokoako apez Piarres Lazarbal eta Telesforo Monzonekin bazuten harremana eta haiek “harrituta zeuden Amadeok eta biok egindako lanarekin, ordura arte beraiek ez baitzuten ezer egin errefuxiatuen aldeko inongo azpiegiturarik sortzeko”, dio testuan. Hala, Arregik eta Rementeriak antolatutako egituraren “ernamuina” aprobetxatu zuten Anai Artea ofizialki sortzeko –erakundearen lehen batzordean egoteari uko egin omen zion EAJk–.

Bertsio hori berretsi zuen baita ere, duela urte batzuk Jose Felix Azurmendik PNV ETA crónica oculta (1960-1979) liburuan, orain gutxi Berria-n Iñaki Galdosek gogorarazi duen bezala. Donibane Lohizuneko etxebizitza abadeek pagatzen zutela dio Azurmendik, fruta merkatuan edo kaian lan eginda, eta horrela “jaio” zela Anai Artea, gero Monzon eta Lazarbalen sinadurekin “ofizializatua”.

Hori bai, sortzaileak sortzaile, ahaztu ezin duguna da elkarteak ia bi hamarkadatan 2.000 errefuxiatu baino gehiagori lagundu ziola eta Hiriart-Urrutyk liburuan esan bezala azken 50 urtetan “Euskal Herriko gatazka eta historia garaikidearen momentu gako guztietako lekuko eta aktore” izan dela Anai Artea.

The post Nork sortu zuen Anai Artea appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07