blogak

Angelu itsua

Mendigatxaren uskarazko gutunak berrargitaratu eta Bidankozeko herritarrei bidali dizkiete

Lehen aldiz liburu batean jasota eta publiko zabalari zuzenduta argitaratu dituzte Mendigatxaren gutunak. Bidankozeko herritarrek etxean jaso dute altxor baliotsua (arg.: Bidankozarte)

Neguarekin batera, Bidankozeko herritarrek opari bitxi bat jaso dute postontzian. Mariano Mendigatxak eta Resurrección María de Azkuek XX. mende hasieran trukatu zuten korrespondentziarekin osaturiko liburua. Mendigatxak (Bidankoze, 1832-1918) Erronkariko euskararen galera bere haragitan bizi izan zuen, eta garaiko hizkuntzalariekin lan egin zuen bailarako ahozko ondarea jasotzeko. Azkueri bidalitako gutunei esker dakizkigu, hein handi batean, uskarazko esapide eta hitzak, baina horrez gain, egun nafar Pirinioetan galzorian den bizimodu bati buruzko informazio baliotsua ere ematen dute.

Mariano Mendigatxa & R. Mª Azkue. Correspondencia / Eskutitzak (1902-1916) liburua Nafarroako Gobernuko Kultura sailak eta Bidankozeko Udal edo Haiza Bulguak argitaratu dute, Landarte programaren barruan. Gotzon Perez Artuch eta Alberto Angos arduratu dira publikazioaren edukiaz, eta diseinua, berriz, Anne Ibañez Gurudik egin du. Liburuaren azala berezia da oso, gutun baten itxura baitu. Barruan, Mendigatxaren ondarea eta eskutitzak ulertzeko gakoak ere eskaintzen dira.

Ez da lehen aldia erronkarierazko gutun horiek argitaratzen direna. Perez Artuchek Bidankozarte elkartearen aldizkarian azaldu duenez, 1957an Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian agertu ziren Alfonso Irigoyenek transkribaturik, eta lau urte geroago, Azkueren gutunak eraman zituzten aldizkari berera, Faustino de Zerio Biurko bargotarraren eskutik –Bidankozeko eskolako maisuaren anaia–. 1982an José Estornes Lasak beste edizio bat egin zuen Fontes Linguae Vasconum-en.

Mariano Mendigatxa Bidankozeko nekazaria, bere idatzizko lekukotasunari esker dugu Erronkariko euskararen eta ohituren berri. (arg: Bindakozarte argazki funtsa / ‘Euskera’ aldizkaria)

Baina nabarmendu dutenez, orain arte aldizkari espezializatuetan publikatu denez, herritarren artean gutunak ez ziren oso ezagunak. Horregatik, lehenbizikoz liburu batera ekarri dituzte publiko zabalari zuzenduta, bereziki bidankoztarrei, eta haien etxeetara bidali dute. Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean ere eskura lezake nahi duenak.

Erronkariko euskarazko idatzizko lehen testigantza 1569. urtekoa da: sorginkeriagatik atzemandako Burgiko herritarrak uskara hutsean mintzatu ziren epailearen aurrean, ez zekiten besterik. Mariano Saturnino Mendigatxa Ornat 1832an jaio zenean, Erronkari bailara eta bere herria, Bidankoze, oraindik guztiz ziren euskaldunak. Alta, Bigarren Gerra Karlistaren ondoren belaunaldien arteko transmisio etena gertatu zen, euskararen kontrako jazarpenaren ondorioz, eta denbora gutxian galdu zen hizkuntza: bere bilobek ez zuten ezagutu erronkariera.

Galera horren jakitun zen Mendigatxa, eta nekazariak oraindik mantentzen zuen hiztegi aberastasuna baliatu zuen orduko hizkuntzalariei –tartean Luis Luziano Bonaparteri eta Azkue berari– helarazteko: “Pensamentiuan artruk dakad biar daudala eskribitu al dokedan tenpra guziuaz, ilabete oro (…) Eztakid gaxki ala onki eskribitan daudan; obroena barragarritako izanen zazka ene astakeriak”, azaldu zion Azkueri gutunetako batean.

 

Amore eman edo eutsi

Mendigatxaren aita Manuel, buruzagi karlista, lehen karlistaldian hil zuten tropa liberalek etxe atarian, Mendigatxa, manukortu! (Mendigatxa, amore eman!) oihukatuz. 2020ko azaroaren 28an, Lapitxarronga haitzean Ríndete o resiste (Amore eman edo eutsi) pankarta paratu zuten, Landarte programari amaiera emateko. Izan ere, abuztuan, haitz horretan Domingueros fuera afixa agertu zen eta ezezagunek mendi ibilbideen panelak ere ezabatu zituzten; herritarren erantzuna berehalakoa izan zen eta auzolanean garbitu zituzten panel horiek. Pirinioetako herri txikiak bizirik mantentzeko egiten ari diren lanaren adierazgarri ere bada hori.

Landarte programak Nafarroako landa guneko komunitateak ahalduntzeko kultur-proiektuak bultzatzen ditu, tokiko artistekin batera. Kasu honetan, Txaro Fontalba sortzaileak hartu du parte Mendigatxaren gutunen eta lurralde oroimenaren inguruan proposamenak eginez, esaterako postalak diseinatu eta banatu, irakurketak egin… Fontalbak bere webgunean idatzi du badela “Mendigatxa sindromea” deiturikoa: hizkuntza baten azken hiztuna izatearen kontzientzia. Bidankozeko alkate Tomás Pasquelek zabaldu egin du adiera eta “bizitza mota baten desagerpenaren lekuko izan eta horretaz jabetzea” ere badela dio.

Baina bertsolari hark zioen bezala, herria eta hizkuntza, bata bestea gabe ezin dira bizi. Agian horregatik eutsi zion Mendigatxak etxean ikasitakoari azken hatsa eman arte, “solamente ta ekus tzan zerbait gore uskaratik”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07