blogak

Angelu itsua

Mapa berri bat, herriak bizi daitezen

Legebiltzarrean udaletako ordezkari ugari ere izan zen, mapa berriak sortu duen ikusminaren erakusle (arg: Nafarroako Parlamentua)

Urtarrilaren 31n tokiko administrazioaren erreformarako lege proiektua onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Gobernua sostengatzen duten lau alderdien babesa izan du proposamenak, baita Orain Bai taldeko lau parlamentariena ere –azken orduko azken minutuan–.

Oposizioak gogor kritikatu du legea, ez delako “eraginkorra” PSNren ustez, eta EH Bilduri botere munizipala ematea beste helbururik ez duelako UPNren ustez, “politika sektarioak” egiteko. Baina datu objektiboek bestela diote: 30 urte igaro dituzte Nafarroako udalerriek mapa honen zain; hiru urteko prozesu baten ondorioa da; eta prozesu horretan udalerrietako hautetsien %60k hartu du parte.

Lurraldea hamabi eskualdetan banatuko du, eta mankomunitate nahiz bestelako erakundeen atomizatze eta zerbitzuen dispertsioarekin amaituko du. Agoitzen, esaterako, horko udalak hiru zerbitzu eskaintzen ditu beste hainbeste mankomunitateren bidez: zerbitzu sozialak, hondakinak eta ur hornidura. Euskadi Irratian Unai Lako alkateak azaldu duenez, Aurre-Pirinioen eskualdea sortuz gero, zerbitzu horiek modu bateratu eta osoagoan eskaini ahal izango dituzte inguruko udalerri guztiek. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) presidente Pablo Azkona ere oso pozik agertu da legebiltzarrean onartutakoarekin, tokiko administrazioa “modernizatzeko” ezinbesteko urratsa delako.

Nafarroan datu kezkagarriak izan ditugu azkenaldian, despopulatzearekin zerikusia dutenak: NUKFek egindako ikerketa baten arabera, mendialdera ezezik, landa guneko herri handietara ere zabaldu da fenomenoa. Mapa berriak lagundu behar luke odoluste horri galga jarri eta Iruñerritik haragoko Nafarroa bizitzeko toki erakargarri bihurtzen. Bestalde, ez harako ez honako egon izan diren ibar eta herriei ere berezko tokia egingo die lurralde egituraketa honek –“Iruñea ondoan gaude, baina Pirinioen ondoan ere bai… orain arte ez genekien zer ginen ere”, zioen Agoitzeko alkateak–.

Eskualdeak osatzea udalerrien erabakiaren menpe geratu da eta oraindik finantziazioaren gai korapilatsua argitzeke dago. Baina udal maparen proposamenak badu osagai bat aurrera aterako dela pentsarazten diguna: udalek berek diseinatu dutela, behetik gora.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07