blogak

Angelu itsua

Manuel Estomba parkea, falta (ez) zena

Irunen Manuel Estomba apaizaren izena daraman parke bat dagoela ohartarazi zuen ARGIAk duela aste pare bat. Derioko seminarioan zuzendari espiritual zela, adingabeei sexu-abusuak egin zizkien, orriotan (2.635 zk.) argitara emandako lekukoen arabera. Bere bulegoan zakila aterarazi eta ukituak egiten zizkien ikasleei, “higiene genitala” aipatuz.

Estombak euskarazko hainbat liburu idatzi zituen eta euskal literatur aldizkarietan kolaboratu zuen. Gainera, Hego Amerikan misiolari ere ibili zen –ez dakigu bere kabuz joan zen edo bidali egin zuten Derioko gehiegikeriak estaltzeko–. Seguruenik curriculum hori kontuan edukita jarri zioten sorterrian bere izena parke bati 1985ean, baita Ekuadorreko Machala hirian kale bati ere.

ARGIAk kasua azaleratu ostean, Bilboko Gotzaindegiak aitortu du barne ikerketa baten bidez hiru apaiz abusatzaile identifikatu zituela iaz –denak hilak– eta publikoki adierazi behar izan du Estomba zela horietako bat. Hala, Irungo EH Bilduk parkeari izena aldatzeko eskatu du, “sexu-gehiegikeriak jasan zituztenengatik”. Bistan da eman beharreko pausoa dela, eta lehenbailehen.

Afera honek beste behin agerian utzi du kale-izendegia ez dela inondik inora kontu aseptiko eta iragazgaitza. Lehen idazle miretsia zena orain apaiz pederasta izan daiteke, lehen itsas adelantatu zena orain genozida. Etengabe begiratu beharrekoa da, errebisionismo hutsean erori gabe, baina izen batek inoren eskubideak eta duintasuna zapaltzen ez dituela zainduz.

Izen batzuk edo besteak jarriz irakurketa historiko bat egiten ari baikara. Zenbat pertsonaia laudatzen ditugu izan zirenagatik eta ez egin zutenagatik? Bereizketa sozial bat ere egiten dugu plakaz plaka, kalez kale. Zer pentsatu behar dute Irungo haurrek, euren herriko kaleetan emakumezkoen izenik apenas dagoela ikusita?

Asko dira falta direnak. Badaudenak, aldiz, borroka askoren ondoren jarri dituzte, aste honetako Larrun-en dakarkigun Gladys Del Estal donostiarrarena kasu. Egia auzoko Gladys Enea parkea ofizial egin beharrean pasabide bati eman diote ekintzaile ekologistaren izena. Baina hori apenas ezagutzen du inork, are gutxiago Tuteran, hil zuten hirian kale bat duenik ere. “Existitzen da, baina ez da existitzen”, esan digu Karlos Irujo antropologoak; Google Mapsek berak ere ez du ezagutzen eta beste izen bat erakusten digu harenaren ordez.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07