blogak

Angelu itsua

Makalu puntan ikurrina jarri izana aldarrikatu zuen Xabier Errok gure orrietan

Xabier Erro 1984ko argazkian eta Makalura egindako igoera berak marrazturik (Argia artxiboa)

ARGIAk 100 urte bete dituela eta, gure hemerotekatik berreskuratutako harribitxiak kontatzen aritu gara Euskadi Irratian Eguberritako asteotan. Atzera eta aurrera aritu gara bidaia kronologikoan eta azkeneko saioan mendiari heldu diogu. Izan ere, 2018ak albiste tristea utzi zuen mendizaleontzat: Xabier Erroren (Lesaka, 1946) heriotza.

 

 

35 urte egingo dugu atzera eta 1984. urtean jarriko gara hain zuzen. Urte hartan euskal espedizio bat Nepal eta Tibet arteko Makalu (8.480 m.) mendiaren gailurrera igo zen, eta tartean zen Erro bera nolaz ez, mendizale peto-petoa, ahal zuen bakoitzean –oporraldietan– Akonkaguara edo Kilimanjarora ihes egiten zuen horietakoa.

Xabier Errok harreman estua izan zuen ARGIArekin eta haren bidez jakin genuen euskal mendizaletasunak emandako urratsen berri, bai 1980an Everesteko gailurrera igo zirenean, baita beste espedizio ezezagunago batzuen kasuan ere, tartean daukagu Makalura 1984an egindako bidaia hori.

2015ean Xabier Errok ARGIArekin izandako azkeneko elkarrizketan (arg: Gorka Azkarate)

Gurean hainbat artikulu argitaratu ziren eta haietan oso nabarmena da orduko alpinismoaren eta gaur egungoaren artean dagoen aldea.

Hasteko dirua nola lortzen zen. Egungo bidaia telebisiboek patrozinatzaileak lortzeko izaten dituzten aukera anitzetatik oso urrun, Makaluko espedizioa Eusko Jaurlaritzak lagundu zuen milioi bat pezetarekin, baina gainerako guztia tokiko erakundeei esker eta batez ere mendi elkarteetan eskean ibilita lortu zen.

Denera hiru milioi pezetako aurrekontua zuen bidaiak, eta horren barruan pelikula bat egiteko kostua zegoen. Zinemagile ere bazelako lesakarra. Kamera erraldoiak izotzetik babesteko sekretuak ederki ezagutzen zituen.

Bidaia preparatzea bera ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Espedizio hau 1984ko udaberrian abiatu zen, baina baimena ia urte bete lehenago lortu zuten oso gestio neketsuen ondoren. Internetik gabeko garaietan, informazioa eskas eta trabak ugari ziren.

ARGIAko artikuluen artean, badago kronika bat, Xabier Errok Makalutik bertatik bidalia. Pentsa, hilabete geroago argitaratu zen, izaten zituzten zailtasunen erakusgarri. Kronika horretan egunez egun emandako urratsak kontatzen ditu Errok, eta ikusten da, logistika aldetik zer nolako lana egin behar izaten zuten, nahiz eta hura espedizio “arin” bat zen, Everestekoa ez bezala:

“Martxoak 26. Kargaren arazoa konpondu ondoren. Katmandutik atera ginen, eta Hille-raino 17 ordu egin genituen autobusez. Hille deritzon herri honetan 32 garraiatzaile kontratatu genituen eta hemendik [oraindik 1.400 metrotan zeuden] Arun erriberaraino jaitsi ginen. Arun ibaiaren barna gorantz hiru egun. Sekulako beroa eta moskitoak ugari”.

Baina bidaia hasi besterik ez zen egin: Martxoaren 29an Tumlingteko aireportu txikira iritsi ziren, gero beste herri batean sherpak kontratatu zituzten, hainbat eguneko beste ibilaldia egin zuten, ekaitzak eta hotza, eta azkenean apirilaren 8an –bi aste eta gero–, iritsi ziren beheko kanpamendura.

Espedizioa Xabier Errok, Martin Zabaletak, Kike de Pablosek eta Mary Abregok osatu zuten. Zabaletak erdibidean utzi behar izan zuen Amerikara itzultzeko, “nonbait aurretik hartutako konpromisoak behartu dute horretara”. Mendira profesionalizazioa oraindik ez iritsi izanaren ondorioak.

Makaluren behe kanpamendura bidean Errok ateratarako argazkietako bat (Argia artxiboa)

De Pablosek eta Abregok –hain justu azkeneko hori ere lehengo urtean hil zen– ukitu zuten gailurra maiatzaren 16an arratsaldeko lauretan, alpino estiloan. Azaña handia izan zen: tarteko kanpamendurik jarri gabe, motxila hartu eta goraino, oxigeno gabe, sherpa apur batzuekin…. Nazioarteko mendizaleen artean ere aitortu zieten egindakoa.

Baina Euskal Herrira etorritakoan Xabier Erro kexu zen, hemengo medioek ez ziotelako behar bezalako garrantzia eman egindakoari –seguruenik Everest igotzearen erakarpenik ez zuelako– edo Espainiako Estatu mailako hedabideek zuzenean “boikoteatu” egin zutelako. Dirudienez euskal telebista publikoak berak ere ez zuen gailurra egin zutenaren berri eman.

ARGIAn, motxilan gordetako apunteak argitaratu zituen gure mendizaleak, Ezagutu nahi ez den espedizioa izenburupean, eta bere hitzekin amaituko ditugu lerrook:

“Ba… bai, bai, bai, ikurriña Makaluko gailurrean egona da eta orain baino lehenago Dhaulagiri, Everest eta Nanga Parbat-en, eta nahiz eta gure kirol hau informabideei ez gehiegi axola (dirurik ez baitu mugitzen) asko gara asteburuetan eta oporretan motxilak hartu eta mendirantz abiatzen garenak egun batzuk bizitzera”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07