blogak

Angelu itsua

Lau langile hil dira Euskal Herrian, eta ez da eguraldia izan

Galdakaon autobus batek eta kamioi batek elkar jo ostean bi gidariak hil ziren ostegun goizaldean. Loiun, berriz, bi langile hilda aurkitu zituzten furgoneta batean, antza berogailuak isuritako gasek intoxikatuta. Egun bakarrean lau langile hil dira Euskal Herrian eta urtea hasi zenetik zortzi, alarma guztiak pizteko moduko tasa da.

Bizkaian ostegunean izandako lau heriotzak egoera desberdinetan gertatu ziren. Hedabide nagusietan “istripuak” izan direla nabarmendu dute, hareago, zenbait kasutan eguraldiari egotzi die gertaturikoa.

Galdakaoko kasuan, ibilgailuen arteko talka hilgarria izandakoan “euria” ari zuela azaldu dute, kamioiak gurutzearena egin eta “fatalitatea” baldintza meteorologikoek eragin dutela iradokiz. Loiuko heriotzei dagokienez, euria ari zuelako sartu ziren beharginak furgonetan deskantsatzera, hotza egiten zuelako jarri zuten berogailua, eta horrek ekarri zuen ondorengo sekuentzia dramatikoa, biak intoxikatuta hilda agertzeraino. Hemen ere, beraz, eguraldia giltzarri omen.

Lau langile hil dira, baina ez da eguraldia izan, hilketaren arduradunak libre daude. Garraio sektorean azkenaldian izaten ari diren ezbeharren kopurua gorantz doa etengabe, aurten hildako langileen erdia sektore horretan izan da hain zuzen. Galdakaoko heriotzen inguruko Osalan-en ikerketak zer emango duen ikusteke dago; goizeko lehen orduan eta autobusa eguneroko ibilaldia hasteko tokira zihoanean gertatu izanak eman dezake pistarik zentzu horretan. ELA eta LAB sindikatuek jadanik salatu dute prekarietate eta lan erritmo handiegiak daudela sektorean eta horren ondorioz abiadura azkartu behar izaten dutela sarritan. Prebentzio neurririk ez dela hartzen ere salatu dute.

Loiuko beharginak jatorriz errumaniarrak ziren, eta indusketa enpresa batentzat ari ziren hodientzako zangak egiten. Galdetu beharko genioke gure buruari ea zergatik atzerriko langile batzuek bazkaldu behar duten furgoneta baten barruan euria ari duen bakoitzean, zergatik erabili behar dituzten euren gorputzak berotzeko generadore arriskutsuak, zer lan baldintzatan ari ziren halako egoera batean lokartzeko… Galdera ezinbestekoak dira, baina segi diezaiogun zeruari begira.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07