blogak

Angelu itsua

Laino beltzen arteko eguzki printzak

Argia Sariak banatzeko unea oso berezia da etxe honetan lan egiten dugun guztiontzat. Aurten, berriz ere ekitaldi jendetsurik gabe egin behar izan dugu, sarien funtzio nagusietako bat dena ase ezinda: euskal kulturgintzarentzat eta gizarte eragileentzat bilgune izatea. Baina, sari bakoitza iragartzeko bideoak egunez egun zabaldu ahala jasotako erantzunak, zoriontzeak eta eskerrak emateko mezuek indarra eman digute aurrera jarraitzeko; begien bistan ikusten diren laino beltzak igarotzeko indarra.

2021ean Hego Euskal Herrian egindako lan kontratuen %91 behin behinekoak izan ziren, lau gaztetik bat langabezian da, soldata arrakala hazi egin da, eta pandemiak aberatsenen eta pobreenen arteko diferentziak handitu baino ez ditu egin mundu mailan, Oxfam elkartearen azken txostenak dioenez. Hori guztia prezioak igo eta herritarren eros ahalmena gutxituz doan bitartean, urtarrilaren 29an Baionako karriketan salatu zuten gisan. Gainera, onartu berri duten Espainiako lan erreformak ez ditu bertan behera utziko Rajoyren garaitik indarrean dagoen legediaren alderdi kaltegarrienetako batzuk, eta oraindik aukera ematen dio patronalari langileak merke kaleratu eta negoziazio kolektiboa baldintzatzeko.

Bateko krisi orokortua, besteko osasun larrialdia… Komunikazio proiektu honen atzean dauden pertsonak ere kolpatu ditu egoera honek guztiak. Hala ere, ARGIAn badugu sekula uko egingo ez diogun altxor txiki bat: gu gara gure jabe. Langileok erabaki dezakegu nola zaindu elkar, eta nola zaindu taldea zein proiektua; norantz jo lan-baldintza duinagoak lortu ahal izateko. Eta argi dugu prekarizatu gabeko espazio gehiago ureztatzen jarraitu behar dugula inguruan, etengabe, gure eguneroko jardunetik.

Ez dira garai errazak inorentzat, eta ARGIArentzat ere ez. Baina dirudienez, Eusko Jaurlaritzak ez du halakorik ikusi hainbat hedabideri “pandemiaren eraginari” aurre egiteko bost milioi euroko laguntzak banatu eta berriz ere bazterrean utzi gaituenean. Bi urteotan esfortzu handia egin dugu informatuta egoteko eskubidea bermatzeko, euskal irakurleek ere baduten eskubidea, eta harrigarria da instituzio publiko batetik oraindik horrela jokatzea. ARGIAn ateak beti izan ditugu irekita erakundeekin elkarlanean aritzeko, eta hala ditugu orain ere, baina gure independentzia mantenduz.

Azkenaldian ozen esan dugun bezala, kazetaritza independentea izan dadin, jendearen babesa beharrezkoa da. ARGIAko kideen diru-ekarpenak dira komunikazio proiektu honen aurrekontuaren oinarri nagusia, eta beraiei esker egin dezakegu aurrera. Babes horrekin eskaini ditzakegu, adibidez, euskarazko edukiak doan eta libre sarean, argitaratu ditzakegu boteredunekin kritikoak diren artikulu zorrotzak, eta banatu ditzakegu Argia Sariak.

Komunikazioaren mundua etengabe aldatzen ari den garai nahasi hauetan, aurrerapausoak egiten jarraitzeko ausardia ere ematen digu gure komunitatearen babesak. Hala, ARGIAren funtzioaz eta kazetaritza moldeez gogoetatzen ari gara lantaldean, beti egin ohi dugun legez, gero eta digitalagoa eta multimediagoa den sektorean zer egin eta fokua non jarri behar dugun jakiteko. Ez gara aspertuko eguzki printza horien bila, irakurleari inguruan gertatzen ari dena ulertzeko gakoak eman eta pertsona erdigunean jartzen duen kazetaritza bat badela sinesten dugulako.

The post Laino beltzen arteko eguzki printzak appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07