blogak

Angelu itsua

Koronabirusaren arrasto koloniala

Fenomeno pandemiko bihurtu zaigun koronabirusaren gaitzak ez ditu pertsona eta herrialde guztiak berdin jotzen. Hasiera batean, agian inork pentsa izan zezakeen igualitarista zela, denei eragiten ziela berdin. Baina orain badakigu birusak badakiela diskriminatzen norberaren poltsikoaren, posizio sozialaren edo bizi den herrialdearen arabera. Hegoamerikako egoera ikusi besterik ez dago, eta zehazki Perun bizitzen ari direna, munduan heriotza-tasa handiena duen herrialdea bilakatu baita.

OjoPúblico atariak Perun Covid-19aren eragina zein den jarraitzeko infografiak etengabe eguneratzen ditu, eta honen arabera 94,2 pertsona hil dira koronabirusagatik 100.000 biztanleko. Ofizialki 31.000 hildakotik gora daude herrialde andetarrean eta joera goranzkoa da, nahiz eta –beste toki askotan gertatzen ari den bezala– kopuru erreala askoz handiagoa izan daitekeen.

Arrazoien artean, asko aipatzen dira, tartean osasun sistema ahula eta ezkutuko ekonomia prekarioan aritzen dela populazioaren gehiengoa, konfinamenduak eta bestelako neurriak ezinezko eginez. Baina bada beste faktore bat seguruenik zerikusirik izan dezakeena: iragan koloniala.

Plebearentzako kartzela handi bat

Peruko egungo gizartean pisu handia du Espainiako erregeordetza izan zenetik iraultza liberalen garaira arte, baita ondoren ere, gertaturikoak. Konkistatzaileek, aristokrazia kolonialak eta misiolariek –tartean ez euskaldun gutxik– estamentuen araberako gizartea sortu zuten eta jatorriko herriak azpiratu zituzten menderik mende. Horrez gain, beste kontinenteetatik lurralde haietara eramandako esklaboak ere indigenen kontra jarri zituzten sarritan.

Desberdintasun sozialak jasanezinak ziren kolonia amerikarrean. Alberto Flores Galindo historialari ezkertiar perutarrak oso ongi deskribatu zuen (pdf) nolakoa zen Lima hiria plebe-arentzat XVIII. mende amaieran: kartzela handi bat. Preso gehienek lan behartuak eginez purgatzen zituzten zigorrak, askok aldirietako okindegietan. Euren jornalarekin konplitzen ez zuten esklaboek ere  okindegian amaitzeko arriskua zuten: “Denek zekiten egunero ogia egiten zen toki horiek hiriko presondegi zirela, garai haietan ez baitziren desberdintzen kartzela eta eguneroko bizitza”, idatzi zuen Floresek.

Plebearen eta aristokrazia kolonialaren arteko aldea nabarmena zen XVIII. mendeko Liman, azkeneko talde horretan euskaldunak nagusi ziren.

1824an Ayacuchoko kapitulazioa sinatu eta koloniaren independentziarekin batera, Peruko errepublika erabat zorpetuta geratu zen. Zeinek ordaindu ote zuen zor hori? Guanoa euren eskuz erauzten zuten esklaboek, hein handi batean. Asko txinatar coolie-ak ziren, Matía Menchacatorre, Murrieta eta antzeko merkatal konpainiek garraiaturikoak. Barne zorra kitatzeko prozesu horretan ez zen eskandalurik falta izan, Gobernuak kopuruak nahita puztu baitzituen bere gertukoei etekin handiagoak emateko.

Egoera lehertuta, esklabotzaren abolizioa heldu zen Perun, kazikeek euren arteko gerratan kanoi-bazka behar baitzuten. Baina horretarako esklabo-jabeak indemnizatzeko dekretua kaleratu zuten –Inglaterran egin bezala, Pello Zubiriak Net Hurbil honetan kontatu digunez–. Eta hemen ere handi-mandiak irabazle iruzurraren bidez… Estatuak 2,5 milioi peso gehiago ordaindu zuen berez existitzen ez ziren esklaboen truke, “urte hartako bere aurrekontua adina”, Sur Hoy atariak Nola aberastu Perun, gaur eta atzo artikuluan idatzi duen gisan. Aldiz, beste dekretu bat onartu zuten lanik gabeko esklabo-ohi edo alderraiak harrapatu eta guanoa erauzteko irletara eramateko behartutako lanak egitera.

Txinatarrak guanoa edo hegaztien gorotza erauzten Peruko kostaldeko irletan. XIX. mendean eskaera handia izan zuen ongarriak eta merkatari asko aberastu ziren esklabo-lan horri esker.

Fortuna gutxi batzuek diru-publikoaren zati handiena bereganatu zuten Perun, zorra kontsolidatzearen eta esklaboak “liberatzearen” ordainetan. Deskapitalizaturiko herrialde hark nekez eraiki zezakeen osasun sistema sendorik, ezta 1960ko hamarkadan industrializazio eta hirigintza booma eman zenean ere. Arrazakerian eta arpilatzean zimendatutako botere-harremanen historia bat da honakoa, gaur egun ere aski argi ikus daitekeena.

Kapitalistak erreskatatzeko plata

Koronabirusa dela-eta, Reactiva Perú programa jarri du martxan Martín Vizcarraren gobernuak, Estatuaren bermearen bidez enpresa txiki eta ertainak 30.000 milioi sol perutarrekin laguntzeko, ustez. Salaketak berehala etorri dira, kredituak emango dituzten bankuek aukeratzen baitute programan parte hartuko duten enpresak zein diren. Tartean dago BBVA, eta imajina dezakegu metropoliko multinazionalaren estoldetan zer aurki dezakegun…

Bankuak berriz ere ustelkeriaren fokupean dira Perun (ilustrazioa: Ojo Publico)

Oraingoz, mikroenpresek baino konpainia handiek jaso dute diru gehiena: Coca-Colaren bazkide den Inka-Cola korporazioa, Entel telekomunikazio operadorea, hedabide nagusien editoreak, zinema kateak, farmazeutikak… Sistema antolatuta dagoen bezala txikiek ez dute aukerarik gehiago eskatzeko, OjoPublikok azaldu duenez. Are gehiago, enpresa horietako asko iruzurragatik ikertzen ari direla azaleratu dute. Bitartean, osasungintzako langileak ur-kanoiekin eraso ditu poliziak,Covid-19ren aurrean baldintza hobeak eskatzen ari zirelako. “Badago plata kapitalistak erreskatatzeko, baina ez osasungintzarako” salatu dute ezkerreko mugimenduek.

Babes material gehiago eskatzeko osasungintzako langileen protesta.

Egin diezaiokegu aurre pandemia bati alderdi sanitario hutsetik, baina sekula ez dugu lortuko ulertzea zer ari den gertatzen, begirada sozial eta historikorik ematen ez badiogu.

 

The post Koronabirusaren arrasto koloniala appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07